MAHASTIZAINTZA

Marka guztiak hautsi ditu mahats bilketak Araban eta Nafarroan

Uzta handiaren ondorioz jatorri izenen kalifikaziotik kanpo geratuko den ardoa da nekazarien ardura

Ivan Santamaria.
GASTEIZ
2004ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Ekoizleak, teknikariak, upeltegiak eta jatorri izenetako kontseiluak bat datoz: oso uzta handia izan da aurten Euskal Herrian, inoizko handiena leku batzuetan. Eguraldiak lagundu du, eta kalitatea paregabea izatea espero dute. Argiak asko dira, baina ilunik ez daudenik ezin esan. Arabako Errioxan, baina batez ere Nafarroan, mahats gehiegi bildu ei da, eta kilo asko jatorri izenen babesetik kanpo geratuko da.

-Arabako errioxa: Kalitate eta kopuru aldetik, oparoa izan da uzta. Miguel Larraina Guardiako Ardo Etxeko zuzendariak «aparta» izan dela nabarmendu du. «Ikusiko dugu kontseiluak zer dioen azkenean, ardo guztiak batera kalifikatzen dituelako, baina oso ona izango da, seguru, eta hortik gora ere bai».

Uda ez da iazkoa bezain muturrekoa izan. Hala ere, ekaitz batzuk eta iraila hasierako euriak ardogileak kezkatu zituen. Ondoren, ordea, eguraldiak ez zuen hutsik egin, eta baldintza guztiak egoki bete zituen. «Kolore handiko ardoa izango dugu, gorputz handikoa ere bai; gradua puntuan, eta aparteko distirarekin. Ardo bikain batek behar duen guztia», zehaztu du Larrainak. Egutegi tradizionala jarraitu ahal izan dute nekazariek: urriaren 12an moztu ziren lehen aleak, eta Domu Santu eguna arte iraun du.

Datu ofizialik ez bada ere, aurtengo bilketan 120 milioi kilo inguru iritsi dira upeltegietara.Honen aurretik 2000. urteko uzta soilik egon da 100 milioi kilo mahatsetik gertu, baina gainditu gabe. Kontseiluak dagoeneko esan du ez dituela 285 milioi litro baino gehiago kalifikatuko. Kopuru hori, fruituan, 390 milioi kilo dira. Hortik kanpo gertatuko da gainontzeko mahats guztia, Errioxa jatorri izenik gabe. Sobran geratzen den mahatsaren truke salneurri eskasa ordainduko da, hori dela eta.

Ardo Etxeko zuzendariak, bidenabar, urte batzuk barru ardo horrek izango duen etorkizuna azpimarratu du. «Ardo gazte gozoa izango dugu, bai, baina benetan ardo honen aukera kalitate handiko segmentuan dago. Ardo ondua edo erreserbakoa egiteko mahats itzela da».

-Nafarroako ardoa: Nafarroak ere errekorra hautsi du: 144 milioi kilo mahats. Aurreko urtean, esaterako, 108 milioi kilo mahats hartu ziren, eta inoizko handienak, 2000 urtekoak, 125 milioi kilo izan zituen.

Nafarroako Ardoaren Kontseilu Arau-jartzailea pozik dago kalitatearekin. Mahatsaren osasuna ona da, eta azukre, pH eta garraztasun indizeak egokiak dira. Hori guztia dela eta, «bikaintzat» jo du uzta. Neguko eta udaberri hasierako euriari esker, lurzoruak hezetasunari eutsi dio ziklo begetatibo osoan. Ez da ekaitzik eta txingorrik izan, eta udazkeneko egun eguzkitsuek eta gau hotzek mahastien ontzeari lagundu diote.Irailaren hasieran jaso zituzten mahats zuriak, eta azken aleak azaroan sartuta iritsi ziren upeltegietara. Bilketaren beste ezaugarri bat mekanizazioa da. Mahatsaren % 73 makinen bidez jasotzen da gaur egun.Hamar kilotik zazpi kooperatibetara doaz, eta hor datoz komeriak. Aurreko urteetako ardoa saldu ezinik dabiltza ardogileak, eta azken aukera jatorri izena kendu eta kalifikatu gabe saltzea da, mahaiko ardoa izateko, oso merke. Uzta handiak egoera hori okertu du. EHNEk adierazi du nekazariak «muturreko egoeran» daudela. Hortaz, ikusi behar uzta handi honetatik zenbat ardo kalifikatu aterako den.Nekazarien elkartearen irudiko, Nafarroako Gobernuaren planifikazio eskasaren ondorioak pairatzen ari dira, 1998. eta 2000. urteen artean mahasti asko baimendu zituelako.

-Bizkaiko txakolina: Batez beste iaz baino bi edo hiru aste beranduago hasi zuten uzta txakolin ekoizleek. Oro har, urriaren 2an hasi eta 12an bukatu zen. Udaberria ez zen erraza izan, hotzarekin eta euriarekin. Ia ez zen udaberririk izan, baina egoera uztailetik aurrera hobetu zen. Uda eta udazken hasiera oso lehorrak izan dira, eta beroa izan da nagusi.

«Ez da iazkoa bezain ona izan, joan den urtekoa bikaina izan baitzen. Hala ere, hasieran beldur pixka bat genuen, eta azkenean, zorionez, uzta ona izan da», zehaztu du Antxon Txapartegik, Bizkaiko Txakolina Jatorri Izeneko Kontseiluko idazkariak.Ekoizpena dexente igo da, bi arrazoirengatik: iazko lehortea eta mahasti berriak produkzioan sartu izana. Hori dela eta, aurten milioi bat litro txakolin egingo dute, aurreko sasoian baino ia 300.000 litro gehiago. Abenduaren 1ean txakolinak kalifikatzeko lehenbiziko dastaketa egingo dute, eta uztako lehenbiziko botilak hil bereko erdia aldean merkatuan eskuragai egongo dira.

-getariako txakolina: Aian, Getarian eta Zarautzen iraileko azken astean ekin zioten mahatsa biltzeari, eta urriaren 19an bukatu zuten lana. Ohi bezala, eskuz jaso dute uzta jatorri izeneko 58 ardogileen mahastietan. Aurten mahatsak ez du gaitzik izan, eta, ondorioz, osasun ona du. Batez besteko gradua, berriz, 10,5 izango da. Ia bi milioi kilo mahats bildu dituzte guztira. Horri esker, 1,8 milioi botila atera ahalko dituzte merkatura.

-irulegiko arnoa: Ohi baino arno gehiago ekoitzi dute Irulegiko sotoan. Azken hamar urteetako uzta hoberena izan da. Udaberrian, mahastiak loratzeko garaian, aro onak egin izana da horren azalpenetariko bat. Aitzineko bi urteetan mahats gutxiago atera zen mahastietatik, eta horrek ere eragin du aurtengo uztea hobea izatea. Kalitateaz ere nahiko pozik agertu dira Irulegiko Sotokoak. Nahiz eta uda nahiko freskoa eta euritsua izan, mahatsen kalitatea bermatu dute. Mahats biltzea urriaren 9a arte gibelatu zuten, kalitate horren hobetzeko. Aurtengo ardoa biziki freskoa da, biziki frutatua, baina pixka bat samina.

-arabako txakolina: Arduradunen ustez, uzta bikaina izan du aurten Aiarako eskualdeak. Aurreko uztan baino 80.000 kilo mahats gehiago jaso dituzte. Ondorioz, 330.000 botila txakolin egingo dituzte. Bilketa irailaren 9an hasi zen eta 24an bukatu.

Udaberriko izozteek eta txingorrak deus gutxi ukitu zituzten mahastiak, eta irailaren hasieran erori zen euriak on egin zien. Dagoeneko produkzioaren % 80 makinekin batzen dute jatorri izenean. Kalitateari dagokionez, oso ardo ona espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.