Igoera txikia izan du langabeziak martxoan. SEPEren datuen arabera, 172.508 langile daude langabe gisa erregistratuta Hego Euskal Herrian, otsailean baino 494 gehiago.
Langabe horiei batu dakieke ABEE aldi baterako enplegu erregulazioan dauden langileak: martxoaren amaieran 34.996 ziren. Kopuru hori nabarmen jaitsi zen hilabete horretan, otsailaren bukaeran 46.594 baitziren.
Langabe kopuruak gora egin du Bizkaian (+785), Gipuzkoan (+165) eta Araban (+43), baina behera egin du Nafarroan (-499).
Edonola ere, azken Nafarroan izan du bilakaerarik okerrena azken urtean, 2020ko martxoan baino 5.122 lagun gehiago baitu. Urtebetean langabeziak nahiko igoera txikia izan du Araban (+450), Gipuzkoan (+467) eta Bizkaian (+891).
Enplegu bulegoetan langabe gisa erregistratuta ageri diren langileetatik %56,2 dira emakumeak, eta %43,8 gizonezkoak.
Martxoan, aurretik enplegurik ez zutenen artean handitu da gehien (+653). Gora egin du lehen sektorean (+132) eta eraikuntzan (+64), eta behera, berriz, zerbitzuetan (-196) eta industrian (-159).
Afiliazioak, gora
Aste Santuaren gertutasunak eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ostalaritzan zenbait murrizketa bertan behera geratzeak ekarri du enpleguak gora egiteak. Gizarte Segurantzan 4.107 langile gehiagok kotizatu zuten martxoan. Erregimen orokorrekoak ziren gehienak (+3.098), baina nabarmena da hazkundea autonomoen (+520) eta itsasoko langileen artean (+488). Aldaketa apalagoak izan dira etxeko langileen artean (+150) eta nekazarien erregimenean (-128).
Kontratuen %12,3, mugagabeak
Kontratazio kopurua handitu egin da, batez ere iazko martxoarekin alderatuz gero (+%24,8), baina kontuan hartu behar da duela urtebete hasi zela konfinamendua eta kontratazioa asko moteldu zela haren ondorioz. Horrez gainera, martxoan egindako kontratuen %12,3 izan dira mugagabeak, azkenaldiko portzentajerik handiena.