Bere politikak funtzionatzen duela esanez hasi du agerraldia Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidenteak, eta horri esker eurogunea nazioarteko ekonomian sortzen ari den zurrunbilotik "babestuago" dagoela esan du.
Baina inflazioa uste baino txikiagoa denez —%0,2 abenduan—, eta nazioarteko egoerarengatik oso txiki jarrai dezakeela iruditzen zaionez, martxoko bileran neurri gehiago hartzeko aukera agertu du Draghik. "Beharrezkoa izango da gure diru politika aztertzea eta agian aldatzea martxo hasieran egingo dugun bileran, inflazioa geure helburura gerturatzeko, %2tik gertu baina azpitik". Hau da, zor publiko eta pribatua erosteko programa sakontzeko prest daudela.
Martxorako itxaroteko arrazoietako bat da ordurako aurreikuspen berriak izango dituela mahai gainean EBZk.
Gaurko bileran bere horretan utzi du interes tasa ofiziala (%0,05), baita bankuei dirua bere kutxetan gordetzearen truke kobratzen dien tasa ere (%0,3).
2014ko irailean iragarri zuen EBZk zorra modu masiboan erosteko programa bat abian jarriko zuela, ekonomiari bultzada bat emateko. 2015. urteko martxoan hasi zen EBZ hilero 60.000 milioi euroren aktiboak erosten. Hasieran batez ere estatuen zorra izan zen, baina enpresena ere ari da erosten. Programa aurtengo irailera arte zen irautekoa, baina luzatzeko prest zegoela ohartarazi zuen hasieratik Draghik. Hala egin dute: abenduko azken bileran jakinarazi zuen "gutxienez" 2017ko martxora arte iraungo duela. Abenduan erositako kopurua 60.000 milioitik 75.000 milioira igoko zuela uste zen, baina ez zuen egin. Baliteke hori martxoan gertatzea.