Martxoko datuek Loiuko eta Noaingo aireportuen urte hasiera ona borobildu dute

Forondakoaren joera, aldiz, aurkakoa izan da: zama tonek %1,6 egin dute behera, eta bidaiariek, %15,6.

Hegazkin bat Hondarribiko aireportuan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Hegazkin bat Hondarribiko aireportuan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko apirilaren 12a
16:25
Entzun

Hego Euskal Herriko aireportuek urte hasiera oso ezberdina izan dute. Loiukoak (Bizkaia), Hondarribikoak (Gipuzkoa) eta Noaingoak (Nafarroa) asko handitu dituzte iazko lehen hiruhilekoko datuak. Are gehiago, Loiukoak inoizko martxorik onenarekin jarri dio ginga. Forondak, aldiz, aurkako joera izan du: %1,6 murriztu du zama kopurua eta %15,6 bidaiari kopurua. Azken datu hori, baina, ez da garrantzitsua, Arabakoa batez ere zama aireportua baita.

Martxoan 507.560 bidaiari igaro ziren Loiuko aireportutik, hilabete horretan inoiz lorturiko kopururik handiena. Lehen hiruhilekoan, berriz, 1.298.636 izan dira, iaz epe berean igaro zirenak baino %15,9 gehiago. Martxoko datuari erreparatzea garrantzitsua da, Aste Santuko mugimenduaren isla baita. Hori gutxi ez balitz bezala, zama tona iaz baino %18,2 handiagoa izan zen (72.451 kilo).

Milioi erdi bidaiari baino gehiago igaro dira Loiutik martxoan, hilabete horretan inoiz izan duen kopururik handiena. Noainek, berriz, %30,4 hobetu du iazko datua.

Noaingoak ere hazkunde handia sumatu du bidaiari kopuruari dagokionez (%20,9), eta bereziki deigarria izan da igoera martxoan (%30,4). Lehen hiruhilekoan 52.411 bidaiari igaro dira Nafarroako aireportutik, eta horietatik 18.865, martxoan. Hondarribiak ere iazko markak hobetu ditu: %5,7 lehen hiruhilekoan (89.130 bidaiari) eta %0,7 martxoan (31.858). Bi aireportu horiek ez dute zamarik mugitzen.

Forondak, aldiz, aurkako joera izan du, baina txikia izan da jaitsiera. Lehen hiruhilekoan 17.957 tona zama mugitu dira, iaz epe berean baino %1,6 gutxiago. Halere, martxoko datua nabarmen okerragoa da: -%13,7. Bidaiariei dagokienez, 44.171 igaro dira guztira, iaz baino %15,6 gutxiago.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.