Zergak

Matrikulazio zerga jaitsi du Nafarroak ere

CO2 isurketak neurtzeko WLTP sistema berriak eragindako igoera ez da 2022 hasi arte aplikatuko.

Auto gehienek matrikulazio zerga handiagoa ordaindu dute aurten. KAI FöRSTERLING / EFE
Iker Aranburu.
2021eko uztailaren 28a
13:14
Entzun

Nafarroako Gobernuak dekretu bat onartu du matrikulazio zergaren igoera izozteko. Nafarroako Agerkari ofizialean argitaratzen denean, bertan behera geratuko da urtarrilaz geroztik indarrean izan den egoera.

Berez, dekretuak atzerako eragina du, eta uztailaren 11tik aurrera egindako matrikulazioei eragingo die. Egun horretan sartu zen indarrean matrikulazio zergaren igoera 2022ra arte atzeratzen zuen legea, Espainiako Senatuak onartutakoa. Zerga berezien kasuan —eta horietako bat da ibilgailuen matrikulazio zerga—, Nafarroa eta Hegoaldeko beste lurraldeak behartuta daude Espainiako legedia ezartzera, eta beren arauak aldatzera.

Kontua da Iruñeko gobernuak ez zuela artean halakorik egin matrikulazio zergarekin, eta lurraldeko auto saltzaileek salatu dute atzerapen horrek arazo handiak eragin dizkiela. Autoak saldu ahal izan dituzte, baina matrikulazio zerga moldatu gabe.

Urtarrilean, CO2 isurketak neurtzeko WLTP Europako araudi berria sartu zen indarrean. Sistema horrek hobeto neurtzen ditu gas isurketak, eta, ondorioz, zera eragin zuen: zerga ordaindu behar izatea aurretik matrikulazio zerga ordaintzen ez zuten auto batzuek —isurketa maila batetik behera zeudelako—. Beste auto askok, berriz, zerga tasa handiagoa ordaintzen hasi behar izan zuten.

Autoen garestitzeak sektorea haserrearazi zuen, une gogorrean dagoelako pandemiaren ondorioz, eta haien kexua Espainiako Gorteetako taldeetara iritsi zen. Ondorioz, sistema berriaren eragina 2022ra arte atzeratzea erabaki zuten.

Horrenbestez, uztailaren 11tik abenduaren 31 arte ez dute matrikulazio zergarik ordaindu beharko ehun kilometroko 144 gramo CO2 baino gutxiago isurtzen dituzten auto berriek (120 gramo ziren orain arte). 145 eta 191 gramo artekoek, berriz, %4,75eko zerga pagatuko dute (121-159 gramo zen orain arte), %9,75eko zerga 192-239 gramo artekoek, eta %14,75ekoa 240 gramotik gora isurtzen dutenek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.