Mauleko hiltegia kategoriaz apaltzeko prozedura gibelatzea erabaki du prefetak

Hazleek protesta egin zuten atzo Maulen eta Baionan, hiltegiaren egoera salatzeko, eta berehalako neurriak eskatu zizkieten prefeturari eta elkargoari. Prefetak «aukera guziak» eman nahi dizkio gobernantza berriari.

Mauleko hiltegiaren egoera salatzeko laborarien protesta.
Mauleko hiltegiaren egoera salatzeko laborarien protesta, atzo. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2024ko otsailaren 1a
10:30
Entzun

Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefetak jakinarazi du Mauleko hiltegia kategoriaz apaltzeko prozedura gibelatuko duela, plantan ezarriko den gobernantza berriari «aukera guziak emateko». Izan ere, hiltegia kategoriaz apaltzeko mehatxua egin zuten prefeturaren zerbitzuek iragan astean. Zehazki, DDPP Herritarren Babesteko Departamenduko Zuzendaritzak hiltegiaren kategoria fiskala apaldu nahi zuen, higiene eta segurtasun arau batzuk errespetatzen ez zituelakoan. Laborariek eta hiltegiko Administrazio Kontseiluak, ordea, DDPPko agentearen jokamoldeak salatu zituzten, eta, beraz, Administrazio Kontseiluko kideek dimisioa eman zuten, argudiatuta hiltegiek arau «zorrotzegiak» bete behar dituztela. Bada, gobernantza berriaren zain, prefetak bertan behera utzi du kategoria apaltzeko prozedura, behin-behinean.

Laborariek protesta egin zuten atzo Mauleko hiltegiaren egoera salatzeko, eta kategoriaz apaltzeko duen arriskua gaitzesteko. Hiltegian, Euskal Hirigune Elkargoaren egoitzan, suprefeturan, eta Angeluko hiltegi industrialean ekintzak egin zituzten, tokiko hiltegiak «arriskuan» direla salatzeko. Jean Rene Etxegarai elkargoko lehendakariarekin bildu zen hiltegiko erabiltzaileen delegazio bat, eta hark hitzeman zien arazoaren alde guziak biltzeko bilera bat egiteko prest zegoela, aterabideak atzemate aldera. Laborariek erran zuten Etxegaraik «entzun» zituela, baina erran ziela ez zela «estatua baino fiteago joaten ahal». Prefetak erran du ados dagoela bilera bat egiteko.

Nolanahi ere, prefetak orain iragarri duen neurriak ez du finkatzen hiltegiaren geroa. Ondoko asteetan, elkargoak eta prefeturak aztertu beharra dute gobernantza berria nola plantan ezarri. Laborarien eskaera da herriarteko sindikatu bat bezala egituratzea egitura, Zuberoako herri guzietako hautetsiek gobernantzan parte har dezaten. Orain arte, sei hautetsi ziren Administrazio Kontseiluan. Etxegaraik atzo erran zuenez, «aukera guziak mahai gainean» daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.