Mecaner ez ixteko alternatibak galdegin dituzte

Manifestazioa egin dute Urdulizen, lantegia ixtearen kontra. Astelehenean hasiko dira erregulazio espedientearen baldintzak negoziatzen.

MECANER
Gaur arratsaldean Urdulizen egindako manifestazioa. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Erredakzioa
2024ko martxoaren 2a
19:15
Entzun

Urdulizen (Bizkaia) manifestazioa egin dute gaur arratsaldean, etorkizuna jokoan duten Mecaner trokelgintza enpresako 142 langileei babesa erakusteko eta lantegia bideragarria dela aldarrikatzeko. Enpresako langile batzordeak antolatu du mobilizazioa, eta, besteak beste, Urduliz, Sopela, Plentzia eta Lemoizko alkateek babestu dute. Martxa udaletxetik abiatu da, eta lantegiaren egoitzan amaitzea zen asmoa, baina, euria ari zuenez, pilotalekuan amaitu dute.

Duela sei hilabete jakinarazi zuen Stellantis autogintza multinazionalak (Fiat, Lancia, Citroen...) lantegia ixteko asmoa, eta etzi hasiko dira erregulazio espedientearen baldintzak negoziatzen. Enpresa behartuta dago hori egitera, eta negoziazio prozesuak gutxienez hilabete iraun behar du. Sindikatuek ez dakite enpresak zer proposamen egingo dien, baina ez dute baztertzen langile batzuk Stellantisek Espainian eta Galizian dituen lantegi batzuetara joateko eskaintzak jasotzea.

Sindikatuen iritzian, baina, lantegia bideragarria da, eta hori erakusten ahaleginduko dira. Mecanerrek 600.000 euroren irabaziak izan zituen 2022an. Horrez gain, Garua kooperatibak, Urdulizko Udalaren laguntzarekin, txosten bat egin du lantaldearentzat, erakusteko lantegia autogintza elektrikoarekin edo energia sektorearekin lotutako jardueretarako erabil daitekeela. Dokumentu horren arabera, lau aukera leudeke: Stellantisek irtenbide horietako bat bultzatzea, beste inbertitzaile pribatu bat aurkitzea, kapital publiko hutsez bultzatzea, edo kapital publiko eta pribatua nahastea.

Sindikatuek uste dute badagoela modua azkeneko aukera aurrera ateratzeko. Eusko Jaurlaritzak jada jaso du txostena, eta aste honetan bildu da langileekin. Aurretik saiatu zen inbertitzaile bat aurkitzen, baina ez zuen lortu.

Bien bitartean, ELA sindikatuak greba mugagabera deitu du —batzordeko bederatzi ordezkarietatik bi ditu— eta 50 langile inguruk babestu dute. ESK-k eta LABek, berriz, —hiruna kide dituzte batzordean— beste borroka dinamika bat dute, greba egun solteetan oinarritua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.