Erakundeek oraindik ez dute eroslerik aurkitu Mecanerrentzat

Bizkaiko Aldundiak egoeraren berri eman die langileei, eta Stellantisek ez du atzera egin trokelgintza enpresa ixteko.

mecaner
Mecanerreko langileek itxiera salatzeko eginiko protesta ekintza. ARITZ LOIOLA /FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko urtarrilaren 17a
13:20
Entzun

Erakunde publikoek oraingoz ez dute aurkitu Mecaner Urdulizko (Bizkaia) trokelgintza enpresa erosteko interesa duen inbertitzailerik. Bizkaiko Aldundiko Berrikuntza eta Garapen Sailak horrela jakinarazi dio plantako langile batzordeari. Stellantis autogintza multinazionalak hura ixteko asmoa du, eta, erosleren batek eragotzi ezean, martxo aldera hasiko da prozesua. Hala gertatuko balitz, azken urteetan Euskal Herrian itxi dituzten trokelgintza enpresen zerrendako beste izen bat litzateke.

Zaharrak berri dira Mecanerreko 148 langileentzat. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, erakunde publikoek erosle bat aurkitzeko orain arte eginiko ahaleginek ez dute fruiturik eman. Langile batzordea eta aldundiko ordezkariak herenegun bildu ziren, eta orduan eman zieten egoeraren berri. Gauzak hala, inbertitzaile baten bila jarraitzeko eskatu die sindikatuak erakundeei.

Inbertitzaile batek eragotzi ezean, martxoan hasiko da Mecanerren itxiera prozesua. Stellantisek iazko irailean jakinarazi zuen bere asmoa, eta sei hilabete itxaron behar du hasi aurretik.

Bien bitartean, Mecanerren etorkizunaren atzerako kontuak aurrera jarraitzen du. Stellantisek (Peugeot, Fiat...) irailean jakinarazi zuen lantegia ixteko asmoa duela, eta sei hilabeteko epea amaitu zain dago, oraingoz ez baitu aurkakorik esan. 148 langilek dihardute Mecanerren, eta plantak 600.000 euroren irabaziak izan zituen iaz. Langileek hainbatetan salatu dute multinazionalak jarduna atzerrira eraman asmo duela, horrela mozkin handiagoak lortzeko. 

Langileek, berriz, hamasei greba egun egin dituzte itxiera eragozteko, eta lantegiaren inguruko txosten bat enkargatu dute hura birmoldatu eta autogintza ez den beste sektore batzuetako eskakizunetara egokitzeko. Prozesu horrek, baina, urte batzuk beharko lituzke, eta trantsizio epe horretarako lan karga beharko lukete.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.