Megapark merkataritza guneko lan baldintzak salatu zituzten atzo hainbat sindikatuk eta gizarte taldek, Barakaldon. Ikearen aurrean zakarrontzietan sartu ziren, agerian uzteko «zabor kontratuak» egiten dituztela altzari denda horrek, bereziki, eta haren inguruko saltokiek ere agerian uzteko.
Haien arabera, Ikea da irabazi handienak dituen eta gehien saltzen duen Barakaldoko enpresa. Baina, 103 milioi irabazi arren, ez ei zien kontratua berritu 42 langileri.
Ikean lan egiten duten hiru langiletik bik aldi baterako kontratuak dituztela eta haietako askok hilean 500 euro baino gutxiago kobratzen dituztela salatu zuten elkarretaratzea egin zutenek, eta Megapark osoan aparteko lanordurik ez dutela pagatzen.
Altzari kateko arduradunak ez ziren isilik geratu akusazio horiek direla eta. Prentsa ohar bat kaleratu zuten beren jarduna defendatzeko. Besteak beste, Ikea «enplegu eta jarduera ekonomiko sortzaile garrantzitsua» dela nabarmendu zuten ohar horretan.
Zazpi urte dira Ikeak Barakaldoko Megaparken saltokia zabaldu zuela. Denbora horretan, batez beste 450 laguneko lantaldea izan duela adierazi zuen enpresak, eta, gaur egun, langileen %83k kontratu mugagabea dutela. Astean 40 ordu sartzen dituzten langileek 1.000 eurotik gorako soldatak dituztela ziurtatu zuen altzari kateak, eta bi aparteko ordainsaria ere jasotzen dituztela.
Megaparkeko «zabor kontratuak» salatu dituzte
Iaz Ikeak 103 milioi euro irabazi arren 42 langileri kontraturik ez ziela berritu salatu dute hainbat lagunek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu