Mehatxuka berriro

Negoziazio nahasi asko eta akordio gutxi izan dira Trumpek ezarritako elkarrekiko muga zergen inguruan. Bihar amaitzen da AEBek akordioetarako zabaldutako 90 eguneko luzapena. Akordiorik ezean, abuztuaren 1ean sartuko dira indarrean.

Donald Trump, Etxe Zuriko Arrosen lorategian, 'Askapenaren Egunean'. KENT NISHIMURA / EFE
Donald Trump, Etxe Zuriko Arrosen lorategian, 'Askapenaren Egunean'. KENT NISHIMURA / EFE
Irune Lasa.
2025eko uztailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

AEBetako Gobernuari hiru egun datozkio gainera: uztailaren 9a, uztailaren 31, eta abuztuaren 12a. Bihar beteko da elkarrekiko muga zergen negoziazioetarako 90 eguneko luzapena; hilaren bukaeran auzitegietan ikusiko da Etxe Zuriaren muga zergak legezkoak ote diren, eta abuztuaren 12an amaituko da AEBek eta Txinak elkarrekiko muga zergekin adostutako su-etena.

Aste mugitua espero da muga zergekin. Badira negoziazioak martxan, baina, itxura guztien arabera, azken puntuan, Donald Trumpen aldartearen mende dago dena. Joan den astean, Trumpek esan zuen ez zeukala asmorik negoziazioetarako epea luzatzeko. Etxe Zuriak gutunak bidali dizkie «10-12 herrialderi» muga zerga berriekin. 24 orduren faltan, bik baino ez dute akordiorik egin AEBekin: Erresuma Batuak eta Vietnamek. Gainerakoek bihar arteko epea dute. Akordiorik ezean, abuztuaren 1ean sartuko lirateke indarrean muga zergak, asteburu honetan Howard Lutnick AEBetako Merkataritza idazkariak adierazi duenez.

Negoziazioei dagokienez, oraingoz, ezer gutxi adierazpen eta mehatxu soiletatik harago. Hauek dira, oraintxe, gatazkaren gako nagusiak.

1

Elkarrekiko muga zergak

Bihar amaitzen da Trumpek apirilaren 9an zabaldutako epea. Tarte hori zabaldu zuen, teorian, muga zergak negoziatzeko herrialdeekin. Luzapen horretan, pisu oso handia izan zuen premia batek: AEBetako presidenteak nolabait baretu behar zuen elkarrekiko muga zergen zerrenda harekin astebete lehenago —apirilaren 2an, Askapenaren Eguna deitutakoan— piztutako anabasa.

Funtsean, muga zerga horiek AEBen eta Txinaren arteko harreman komertzialak lehertzen zituzten, eta beste hainbat herrialderen esportazioei serio kalte egin, tartean Europako Batasunarenak.

Anabasak eta ziurtasun faltak isla izan zuten AEBetako Altxorreko bonuetan, eta Trumpek, neurri batean, amore eman behar izan zuen. Negoziazioei bide emateko 90 eguneko luzapena iragarri zuen, Txinarentzat ez beste herrialde guztientzat. Bitarte honetan, Txina, Kanada eta Mexiko ez beste herrialde guztien inportazioek %10eko elkarrekiko oinarrizko muga zerga orokorrak dituzte.

2

Txina

Txinarekin, Trumpen jokabidea beste bat izan da, eta orain arteko bidea ere bai. Apirileko egun zoro haietan, egunetik egunera Txinaren merkantziei muga zergak handitzen jardun zen Trump, Txinaren erantzunen aurrean erreakzionatzen —zerrenda hartan %50ekoak ziren aurrena, %41 gehiago biharamunean Txinak erantzunez ezarritako muga zergei erantzuteko, eta handik egun gutxira beste %24 gehiago—. Azkenean, %115eko elkarrekiko muga zergak gehi urte hasieran beste izenekin ezarritako %30eko muga zergak ziren Txinako salgaientzat.

Hori eramanezina zen AEBentzat. Besteak beste, Eguberrietarako hainbat merkantziaren hornikuntza arriskuan zuela, Trumpek ez zuen lortzen Xi Jinpingek telefonoa altxatzea Etxe Zurira deitzeko. Azkenenean, Genevan, maiatzaren erdian, su eten moduko bat iritsi zuten bi herrialdeek. Txinaren gaineko muga zergak %145etik %30era murriztu zituzten AEBek eta Txinak berak %125etik %10era, eta 90 eguneko epea zabaldu zuten negoziatzeko. Abuztuaren 12an amaitzen da epe hori.

3

Akordioak

Lehen 90 egunak igarotzear direla, soilik bi akordio sinatu dituzte AEBek. Bat Erresuma Batuarekin, eta bestea Vietnamekin. Lehenengoan, britainiarrek muga zerga txikiagoak lortu dituzte auto esportazioen kupo mugatu baterako, eta beste kenkari batzuk sendagaientzat. Muga zerga txikiagoak dituzte altzairuarentzat eta aeronautikako piezentzat ere, eta gero %10eko muga zerga orokorrak. Hala ere, oso zehaztugabea da papera, eta, dirudienez, Trumpek edonoiz ezereztu dezake, hala irizten badio.

Vietnamekin, berriz, hango merkantziei %20ko muga zerga ezarriko diete AEBek —hasierako %46ren azpitik—, %40koa baldin eta Vietnamdik etorri baina haren osagaien parte handiena hirugarren herrialde batekoa (Txina) bada. AEBetako merkantziek ez dute muga zergarik izango Vietnamen.

4

Epaitegiak

Ezin da ahaztu Trumpen muga zerga asko auzibidean daudela AEBetan, presidenteak haiek ezartzeko erabilitako moduarengatik, gehien-gehienak larrialdietarako boterea erabiliz ezarri dituelako. Maiatzaren 28an, AEBetako Nazioarteko Merkataritzarako Auzitegiak aho batez ebatzi zuen Trumpen muga zergak legez kanpokoak zirela, eta bertan behera utzi zituen. Hurrengo egunean, apelazioa onartu zuen auzitegiak, eta muga zergak berrezarri ziren uztailaren 31ra arte, kasua aztertzeko egunera arte.

5

Beste muga zergak

Gogoratu behar da, era berean, elkarrekiko deituriko muga zergez gain, AEBek badituztela beste muga zerga batzuk indarrean: autoen eta autoen osagarrien gainekoak (%25), eta aluminioari eta altzairuari jarritakoak (%50).

6

Muga zerga gehiagoren mehatxua

Beste hainbat merkantziari sektorekako muga zergak ezartzeko mehatxua egin izan du Trumpek, eta ikerketak ditu horien inguruan zabalik —oinarri legala izateko—. Zura, kobrea, mineralak, sendagaiak, erdieroale eta osagai elektronikoak, eta hegazkin komertzialak eta abiaziorako motorrak daude Trumpen muga zergen jomugan.

Zer egingo du Europako Batasunak?

Luzapenaren azken egunetara arte egon dira harremanetan merkataritza gaietarako AEBetako eta Europako Batasuneko ordezkariak, baina ez dute akordiorik iritsi, are gutxiago fundamentuzko akordiorik; normalean, urteak behar izaten dira halako merkataritza akordioetarako. Azken jarreren berri ostiralean eman zien Maros Sefcovic Europako Batzordeko Merkataritza komisarioak EBko herrialdeei.

Azalpen ezkorrak izan ziren. Haien arabera, Trump herrialdeak hiru taldetan banatzea pentsatzen ari da. Lehen talde batean hala moduzko akordioa lortu duten herrialdeek luzapena izango lukete. Bigarren talde batean, negoziatzen ari diren herrialdeei hasierako elkarrekiko muga zerga ezarriko litzaieke —%20koa EBri—, akordioa lortu bitartean. Eta hirugarren taldeko herrialdeei, besterik gabe, hasierako muga zerga ezarriko litzaieke.

EBk zer egingo du? Ez dago argi, blokearen barruan ez baitago jarrera bateraturik. Badirudi %10eko oinarrizko muga zerga bat onartuko lukeela EBk, baina beste muga zergetan —batez ere autoen gainekoetan— murrizketa handiak lortuz gero soilik; horren alde legoke Alemania. Baina %10 onartzearen kontrako ahotsak ere badaude: besteak beste, Frantzian. Atlantikoaren beste aldean inbertsioak egiteko konpromisoa ere hartuko luke Europak. Ikusi behar, hori bai, nondik ateratzen den Trump gaur, bihar edo etzi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.