Lan harremanak

Mendiak «lehenbailehen» deituko ditu sindikatuak eta patronala

Elkarrizketa sozialaren aldeko apustua egingo duela berretsi du Jaurlaritzako Enplegu sailburu berriak.

Idoia Mendia, Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburua, kargua hartzen. RAUL BOGAJO / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko irailaren 10a
11:56
Entzun

Aurki izango du lehen hartu-emana sindikatuekin eta patronalarekin Idoia Mendia Enplegu eta Lan sailburu berriak. Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, sailburuak iragarri du «lehenbailehen» deituko dituela bilera batera, «ekonomia eta enplegua suspertzeko eraginkorrak diren politikak adosteko, hori baita jendeak espero duena».

Lehen kontaktua gatazkatsua izateko aukerak handiak dira, Mendiak «elkarrizketa sozialaren barruan» kokatu baititu gizarte eragileekiko harremanak, eta planteamendu horren aurkakoak baitira Arabako, Bizkaiko, eta Gipuzkoako bi sindikatu nagusiak, ELA eta LAB abertzaleak. Askotan salatu dutenez, «patronalaren aldeko erabakiak zuritzeko» tresna da elkarrizketa soziala.

LABek dagoeneko egin dio abisua Mendiari. Asteazkenean egindako agerraldian, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak galdetu zion sailburuari «ELAren eta LABen gehiengo sindikala errespetatuko duen edo gutxiengoaren aldeko apustuarekin jarraituko duen», CCOO eta UGT lehenetsiz. Mendiak kargu hartzean egindako elkarlanerako deia tentuz hartu zuen LABeko idazkari nagusiak: «Ekintzek argituko dute zintzoa den edo pose bat baizik ez den».

Helburua, aurreko legealdikoa

Aurreko legealdian Eusko Jaurlaritzak bere buruari jarritako helburua jarri dio gobernu berriari: langabezia biztanleria aktiboaren %10etik behera jaistea. Xede hori lortu zen aurreko legealdiaren azken zatian, baina koronabirusaren krisiak langabezia tasa asko igotzea eragin du. Eustaten bigarren hiruhilekoko datuen arabera, 110.400 lagun daude lanik gabe, biztanle aktiboen %10,8. Kopuru hori alde batez igotzea espero du Jaurlaritzak.

Mendiak azaldutako beste helburu bat da «talentu gazteak alde egitea» eragoztea eta adin batetik aurrerako langileak ere babestea. «Enplegu bat izateko aukera emango diegu 30.000 gazteri, plan berezi batekin, baina nire ustez oso garrantzitsua da 45 urtetik gorakoak enplegatzea, seniorren talentua ez galtzeko». Gainera, sailburuak bat egin du Espainiako Gobernuak pentsioen erreformaren inguruan duen xedearekin, hots, erretiro aurreratuak gutxitzea eta erretiro atzeratuak ugaritzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.