Autogintza

Mercedesek ez du luzatuko itxiera, baina aldi baterako erregulazioa eskatuko du

Enpresak uste du erdieroaleen eskasiak luze joko duela, eta malgutasun poltsa ez dela nahikoa. VW Nafarroan ere ABEE bat izango dute, sei hilabetez

Bukatu gabeko autoak, VWen Iruñeko lantegiko aparkalekuan. IñIGO URIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko ekainaren 24a
18:23
Entzun

Astebete iraungo du Mercedesen Gasteizko lantegiaren itxierak, baina denbora hori baino gehiago iraungo du erdieroaleen eskasiak fabrikaren egunerokoan izango duen eragin kaltegarriak. Enpresako zuzendaritzak iragarri du astelehenean lanera itzuli beharko dutela bere langileek, baina ohartarazi die hornikuntza arazoak luzerako doazela. Horregatik, ABEE enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente bat negoziatu nahi du sindikatuekin, lan taldea etxera bidaltzeko nahiko lanik ez duenean. Antzeko neurriak aztertzen ari dira haren hornitzaile batzuk, lan gutxi baitute.

Lanera noiz itzuliko ziren jakin gabe joan ziren etxera Gasteizko Mercedeseko 5.000 langileak, duela astebete. Zuzendaritzak ohartarazi zien litekeena zela itxierak astebete baino gehiago irautea, ezin zuelako bermatu datorren asterako nahiko erdieroale izango ote zituen furgonetak bukatu ahal izateko. Lantegia itxita izan den egun bakoitzeko 900 ibilgailu gutxiago atera dira Gasteizko lantegitik. Sindikatuek kalkulatu dutenez, guztira 4.500 furgoneta geratu dira egin gabe.

Beste milaka furgoneta lantegiko aparkalekuetan eta inguruko beste batzuetan egon dira, bukatu gabe, osagai elektroniko batzuk falta zaizkielako. Badira leihoak irekitzeko aparailuen plastikozko botoiak falta dituztenak ere.

Malgutasun poltsa

Mercedesek sindikatuetako ordezkariei adierazi die arazoa ez dela berehalakoan konponduko, eta horregatik deitu ditu aldi baterako erregulazio bat negoziatzera. Mercedesen lan itunak baditu ekoizpena merkatuaren beharretara egokitzeko malgutasun neurri batzuk, baina dagoeneko egun poltsa horren zati bat erabili dute azken hilabeteetako arazoei aurre egiteko, eta zortzi egun baizik ez dira geratzen poltsa horietan. «Ez dira nahikoa», uste du zuzendaritzak, eta, horregatik, derrigorrezkotzat jo du aldi baterako erregulazio espediente bat negoziatzea, materiala falta den egunotan langileen multzo bat etxera bidaltzeko.

Mercedeseko lantegian iazko martxotik maiatzera egon zen indarrean ABEE bat. Langile guztiei eragin zien konfinamenduaren hasieran, baina apirilean hasi ziren langile batzuk lanera itzultzen, ekoizpena abiatu ahala. Hirugarren txandako langileak maiatzera arte ez ziren itzuli.

VW Polo berria

Ekoizpen arazoak ditu Euskal Herriko beste auto lantegiak ere, Volkswagenek Iruñean daukanak. Aste honetan bi egunez baizik ez dute lan egin, eta hurrengoan beste bi egunez fabrika ixtea da asmoa. Azken hilabeteetan indarrean izan du aldi baterako erregulazio bat, eta aste honetan beste bat hitzartu du Landabengo plantan gehiengoa duten hiru sindikatuekin: ordezkarien %72,4 dituzte UGTk, CCOOk eta CCPk. «Antolaketa eta ekoizpen arrazoiek» eragindako erregulazio bat izango da, eta indarrean izango da abenduaren 31 arte.

Erregulazio hori justifikatzeko, erdieroaleen eskasia argudiatu du VWeko zuzendaritzak, baina baita modelo berriek eragindako berregokitzapenak ere. Aurreko astean hasi ziren Polo berritua ekoizten, eta gaur atera da merkaturatuko duten lehen autoa ekoizpen katetik, eta Alemaniara joango da.

Aurrealdean eta argietan aldaketa batzuk egin dizkiote aurreko Polo modeloari, baina badira berritasunak barruan ere: modu sasi-autonomoan gidatzen duen sistema bat du —IQ Drive Travel Assist izenekoa—, bolante berri bat, eta «azken belaunaldiko entretenimendu sistema bat». Gasolinazko hiru motorrekin eskainiko dute, eta, gasolina ez ezik, gas naturala erretzen duen batekin ere bai.

Polo elektrikorik edo hibridorik ez dute egiten Iruñean, eta ez da espero modelo elektrikorik iristea gutxienez 2025. urtera arte.
Horren aurretik, irailaren 27tik aurrera. Taigo izeneko crossover modeloa egiten hasiko dira Landabenen, lantegiko hirugarrena. Poloaren ekoizpena 1984. urtean hasi zuten, eta 2018ko abenduan, berriz, T-Cross izeneko SUVarena. Azken hori da orain Iruñean gehien egiten duten modeloa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.