Ekonomia

Mercedeseko erregulazio planei buruzko aurreakordioa lortu dute sindikatuek

UGT, CCOO, USO eta Ekintza sindikatuak eta Mercedes auto enpresako Gasteizko buruak ados jarri dira, baina ELA eta LAB sindikatuek ez dute akordioarekin bat egin.

2009ko urtarrilaren 15a
16:48
Entzun
UGT, CCOO, USO eta Ekintza sindikatuek -sindikatuen gehiengoa- eta Mercedes enpresako Gasteizko buruek enplegua erregulatzeko dosierrei buruzko aurreakordioa lortu dute gaur. Horren arabera, lan orduen malgutasuna handitu egingo litzateke eta enpresak langileei soldata gordinaren ehuneko 80 ordainduko lieke erregulazioa aplikatuko litzatekeen 60 egunetan. Hori bai, ELA eta LAB sindikatuek ez dute akordioarekin bat egin.

LABen ustez, erregulazio plana ez da beharrezkoa, eta akordioa "xantaia garbia" da. ELAk dioenez, langileek ez dute negoziazioan zuzenean parte hartzerik izan, eta hori ez da onargarria. Akordioa behin betikoa izan dadin, afiliatuen batzordeetan gehiengoak baiezkoa eman beharko du. Bilera hori urtarrilaren 22an izango da.

Jose Antonio Moreno (UGT) Enpresa Batzordearen presidentearen arabera, akordioa baikorra da. Lan orduen malgutasuna 18tik 25era igoko litzateke, 2009ko oporrak aurreratu egingo lirateke eta langileek soldata garbiaren ehuneko 91 jasoko lukete. "Akordiorik gabe, hileko 300 euro galduko genituzte, eta akordioarekin 50 euro".



Behin-behineko erregulazio planak 2.800 langileri eragingo lieke; Gasteizko Mercedes enpresak 3.300 langile ditu, baina goi karguak eta 53 urtetik gorakoak ez dira planean sartzen. Urtarrilaren 20a bitarte oporretan daude langileak, lan eskasiarengatik, eta otsailean zortzi egunez soilik egingo dute lan, enpresako zuzendaritzak hala erabakita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.