Mercedeseko langileek ez dute murrizketarik onartuko furgoi berria egitearen truke

Sindikatuek salatu dute enpresak lan itun berrian «baldintza erabat atzerakoiak» ezarri nahi dituela

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2011ko ekainaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez da besteak bezalakoa izango Gasteizko Mercedes-Benz lantokiko lan ituna berritzeko negoziazioa. Heldu den urtean furgoi berri bat eraikitzen hasiko da Mercedes. Gasteizek lehentasuna du ibilgailu berria eraikitzeko, baina lan itun berriaren edukiarekin lotu du erabakia Alemaniako ibilgailu multinazionalak. Lantegiaren etorkizuna bermatzeko, murrizketak egin beharko direla ohartarazi die konpainiak sindikatuei. Atzo, langileen ordezkariek aho batez erantzun zuten: enpresaren eskaerak bidegabeak eta onartezinak dira.

Lantegian gertatzen denak garrantzi handia izango du. Arabako lantokirik handiena da — 3.200 langile baino gehiago ditu —, eta enpresa hornitzaileetan zeharkako beste 13.000 lanposturi eusteko ezinbesteko bezeroa da. Hortik kanpo, Mercedesen egoera gerturik jarraitzen dute beste enpresa askok, lan baldintzak nola geratuko diren aintzat hartzeko.

Orain arte, hamahiru aldiz bildu dira Langile Batzordea eta zuzendaritza. Elkarrizketa horietan aurrerapauso bat bera ere ez dela eman kritikatu dute sindikatuek. Azken bilera joan den maiatzaren 17an izan zen. Harrezkero, albiste bakarra Emilio Titos lantegiko zuzendariak Mercedeseko Alemaniako egoitzan esandakoak dira. Ibilgailu berria Gasteizen egiteko lan kostuak %10 jaitsi beharko direla aurreratu du Titosek, 2008 urteko gastuak oinarritzat hartuta. Era berean, material gastuak %25 eta zerbitzu nahiz energiarenak %20 jaisteko helburua finkatu du.

Enpresaren jarreraren aurka ados jarri dira Mercedeseko batzordean ordezkaritza duten sindikatu guztiak, eta ez dira gutxi. UGT, ELA, LAB, CCOO, Ekintza, LSB-USO, ESK eta CGTk agerraldi bateratua egin zuten atzo, negoziazioaren egoerari buruzko ikuspuntua azaltzeko.

Azken bi urteetan Mercedeseko langileek murrizketa ugari jasan dituztela gogorarazi zuen Jose Antonio Moreno UGTko ordezkari eta batzordeko presidenteak. Langile bakoitzak 25 lan egun zor dizkio enpresari, eta langabeziaren sei hilabete agortu ditu, indarrean jarritako erregulazioen ondorioz. Aurten, 85.000 ibilgailu aterako dira Gasteiztik. «Egungo egoera ez da krisi egoera, beste zerbait islatu nahi badute ere».

Haatik, multinazionalak krisi ekonomiko orokorra baliatu nahi duela salatu zuen Morenok. «Irabaziak biderkatu nahi dituzte, lan baldintza erabat atzerakoiak ezarrita, xantaia neurrigabe erabilita». Horren haritik, VS20 furgoi berria eraikitzeko eskumenaren truke exijitzen zaizkien baldintzak ez direla onargarriak uste du batzordeak.

Malgutasuna lege

Produktibibatea, kostuak jaistea eta malgutasuna areagotzea dira enpresaren helburuak. Urteko lanaldia hiru egun luzatu nahi du. Horrek, sindikatuen arabera, 50 lanpostu suntsituko lituzke. Soldatei dagokienez, berriz, produktibitateari lotu nahi dizkio, inflazioaren ordez. Langileek erosteko ahalmena galtzeko arriskua dutela salatu du batzordeak. Era berean, langile berriei soldata txikiagoak ordaintzeko asmoa du.

Barne malgutasuna handitzeko eskaera zehatzak ditu zuzendaritzak. Enpresak beharren arabera antolatu ahal duen lan ordu poltsa 250 orduraino igo nahi du, 64 lan egun. Gaur egun, bost eta hamazortzi bitartean dira. «Langileak noiznahi eta nonahi eskatzen ditu, bizitza sozial eta familiarrik gabekoak», azaldu zuen Igor Gebara ELAko kide eta batzordeko idazkariak.

Batzordearen proposamenarekin, urtero 165.000 ibilgailu ekoiztea posible dela defendatu dute sindikatuek. Asteartean berriro bilduko dira, eta, enpresak jarrera aldatu ezean, gatazka hasiko dela iradoki dute. «Gehiago eta okerrago lan egitea gutxiagoren truke onartezina da, ez dugu herentzia hori utziko», ohartarazi zuen LAB sindikatuko Iñaki Andak, laburpen gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.