Mercedeseko langileen bi herenek babestu dute negoziatutako lan ituna

Akordioari esker Gasteizko lantegiaren etorkizuna 2024. urtera arte bermatu dela adierazi dute UGT, CCOO, Ekintza eta LSBkEnpresak agindu du 480 milioi inbertituko dituela eta 300 lanpostu sortuko dituela

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Bost urterako lan itunaren edukia ontzat jo dute Gasteizko Mercedes-Benzeko langile gehienek. Batzordean gehiengoa duten sindikatuek enpresako zuzendaritzarekin hitzartutako akordioa bozkatu zuten atzo lantegian. Ituna babestu duten sindikatuen arabera, Vito furgoia ordezkatuko duen ibilgailu berria Arabako hiriburuan egitea eta lantegiaren etorkizuna 2024. urtera arte bermatu dira horri esker.

Orain dela astebete akordioaren oinarriak adostu zituen enpresak UGT, CCOO, Ekintza eta LSBrekin. Batzordeko 27 ordezkarietatik 14 dituzte sindikatu horiek. Hori bai, azken hitza langileek izatea eskatu zuten, eta atzo bozketa egin zuten. Ordezkaritza duten beste taldeek —ELA, LAB, ESK eta CGTk— negoziazioa mahaitik kanpo egin izana errefusatu zuten, eta, bozketa egin baino lehen, batzar orokor bat eskatu zuten akordioaren inguruan langileekin zuzenean aritzeko. Haatik, batzordeko gehiengoak uko egin zion batzarrari.

Batzordea bitan banatuta zegoen, eta, horiek horrela, erabakia Mercedeseko langileen eskuetan geratu zen. 3.138 langilek zuten bozkatzeko eskubidea, eta egunaren joanean 2.941 lagunek parte hartu zuten. Emaitzan itunaren aldekoen garaipena nabarmena izan zen: 1.866 langilek alde bozkatu zuten, eta 974k aurka. Hots, beharginen %63k babestu zuten akordioa.

Emaitzarekin «pozik» geratu zen Mercedes, Efe agentziak aipatutako enpresako iturrien arabera. Erreakzio ugari eragin zituen akordioak. Hala, ontzat jo zuen Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Twitter bidez. Arabako Enpresaburuen Elkarteak, SEAk, ardura erakusle izan direla uste du: «Eragile guztiak norabide berean ari dira lanean».

Bozketaren atarikoak ere polemikoak izan ziren. Antolatutako ordutegiaren ondorioz langile guztiek ez zutela bozkatzeko eskubiderik izango salatu zuen ELAk. Era berean, bulegoetako eta tailerretako langileen botoak batera jasotzea kritikatu zuen, «produkzioko langileen arbuio nabarmena ezagutu ez dadin». Horren haritik, itunaren eraginik ez duten 300 pertsonek bozkatuko zutela ohartarazi zuen ELAk, tartean goi kargudunak eta zuzendariak. Sistemarekin zalantza handiak izan arren, langileak parte hartzera eta ezetz bozkatzera deitu zituen.

Bozketaren emaitzak negoziazio prozesu gatazkatsu bat itxiko du. Izan ere, hitzarmenaren edukia beste ibilgailu bat egiteko aukerarekin lotu zuen aspaldi Alemaniako multinazionalak. Arabako hiriburuan egiten den Vito furgoiaren produkzioa laster amaituko da, eta hura ordezkatuko duen ibilgailua eraikitzeari ekingo dio Mercedesek heldu den urtetik. Furgoi horren —VS20 izenez ezagutu dena— enkargua jasotzea hil edo biziko erronka bihurtu zen Gasteizko lantegiaren etorkizuna bermatzeko.

Lan kostuen jaitsiera

Uda aurretik, sindikatuen eta zuzendaritzaren arteko tentsioak goia jo zuen. Bernabe Unda Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak Mercedeseko egoitza nagusira egin zuen bisita baliatuta, lan itun berrian murrizketak ezarri beharko zirela adierazi zuen enpresak. Emilio Titos Gasteizko lantegiko zuzendariak ohartarazi zuen lan kosteak %10 jaitsi beharko zirela.

Titosen iragarpenak batzordearen aho bateko erreakzioa eragin zuen. Gutxiagoren truke gehiago eta okerrago lan egitea ez zutela onartuko esan zuten sindikatuek. Produktibitatea, kostuak jaistea eta malgutasuna areagotzea ziren enpresaren helburuak. Horretarako, urteko lanaldia hiru egun luzatzea proposatu zuen, eta, soldatak inflazioari lotu ordez, produktibitatearen arabera ordaintzea.

Lehenbiziko elkarretaratzeak antolatu zituzten sindikatuek, baina grebarik egin gabe. Haatik, udatik bueltan batzordearen jarrera bateratua bertan behera geratu zen, eta euren kabuz enpresarekin batzartzen hastea erabaki zuten UGT, CCOO, Ekintza eta LSB sindikatuek. Elkarrizketa horietatik atera da lan itun berria.

Hitzarmenak 2011 eta 2015 urteen arteko baldintzak arautuko ditu. Urte horietarako 1.712 orduko lanaldia ezarri da lanaldi jarraia dutenentzat —egungoaren pare—, eta 1.704 ordukoa lanaldi zatitua dutenentzat. Lehenbiziko lau urteetan soldatak %2,5 igoko dira, eta urte bakoitzaren hasieran 100 euroko osagarria emango zaio langile bakoitzari, nominan finkatuta geratuko ez dena. Azken urtean, 2015ean, KPI erreala gehi %0,25 izango da soldata igoera, eta 250 euroko aparteko ordaina egongo da, «VS20ren irteera arrakastatsua dela-eta».

Enpresak ere zenbait konpromiso hartu ditu. 2012 eta 2013 urteen artean 300 langile hartuko ditu Mercedesek. Ondoren, furgoi berriaren ekoizpenak bi urtez 100.000 ibilgailu gainditzen baditu 300 langile finko egingo dituela agindu du. Horrez gain, 170 milioi euroren inbertsioak egingo ditu gasteizko lantegian, eta beste 310 milioi jarriko ditu VS20rako trokelak eta erremintak finantzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.