"Mercedes enpresa handi bat da, industriaren ikurra, baina langileekiko errespetuari eta arau demokratikoak aintzat hartzeari dagokionez ere eredu izan beharko luke", ziurtatu du ELAk. Gaur egun hala ez dela uste du sindikatu abertzaleak. "ELA-Mercedesek uste du egungo egoeran ezin dela onartu enpresaren jarrera: kontratazioan iruzur susmoa dago, batetik, eta zuzendaritzak lan-hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dauka, bestetik. Horrekin helburu argia du, bere interesentzako akordio are hobea lortzea, langile guztion baldintzen lepotik".
ELA ez da Arabako industria handienaren bilakaerarekin erabat pozik ez dagoen bakarra. Duela bi aste LABek ere salatu zuen "gehiengo zabalaren baldintzak okertuta geroz eta irabazi handiagoak lortzen" zituela multinazional alemaniarrak.
Aurten ekoizpen marka hautsiko du Mercedesek, aurrekoa baino %35 handiago. "Pozteko modukoa da", azaldu du ELAk.
Lantegiaren salmentak ere gorantz doaz: 2013 eta 2014 bitartean %24,15 gehitu dira (694 milioi euroraino), eta %21,59, berriz, 2014 eta 2015 bitartean (770 milioi euroraino). Horiei esker azken hiru urteetan enpresak 181,7 milioi euroren mozkinak metatu ditu.
"Pertsonal gastuak beste edozein enpresak nahiko lituzke beretzat": 2015ean salmenten gaineko %5,59 izan da, eta, gainera, azken urteetan jaitsi egin da: 2013an portzentajea %8,74koa zen, eta 2014an %6,64raino murriztu zen.
"Zoritxarrez, ordea, datu positibo hauek badute alde ilun bat: enplegu prekarioaren gainean lortzen dira". Aurreko hitzarmena sinatu zenean, ELAk ohartarazi zuen hura enpresara sartzen zirenen lan baldintzak okertzeko tresna bat zela. "Urteotan soldata eskala bikoitz eta hirukoitzak salatu izan ditugu, lan bera egiteagatik 400 euro gutxiago jasotzeraino, 12 ordutik gorako lanegunak, 60 ordutik gorako asteak… Gainera, enplegu egongaitzarekin, Mercedes langile poltsa bat ari baita erabiltzen. Batzuen kontratua amaitzen denean besteak sartzen dira, txandaka, ELAren iritziz estrukturalak diren postuak betetzeko; horregatik uste dugu lege iruzurra dagoela hemen".
Uztailaren hasieran ELAk egoera salatu zion Lan Ikuskaritzari; LABek eta ESK-k ere salaketarekin bat egin zuten. "Ikuskaritzatik ordutik hona albisterik jaso ez genuenez, salaketa zertan zen galdetu genuen, eta hiru hilabete igaro arren esan ziguten ezer ez zutela egin". Sindikatuak iritzi dionez, "agerikoa da administrazioa ez dagoela prekarizazioarekin kezkatuta, edo ez duela ezer egiten hura konpontzeko. Lan Ikuskaritzak enpresei abusuak egitea galarazi behar die; areago egoera ahulean dauden langileekin". Jaurlaritzarengana ere jo du ELAk, Lan Ikuskaritzari presio egin diezaiola eskatzeko. Baina ez du askorik espero: "Susmoa dugu gai honetan Eusko Jaurlaritza eta multinazionala bat datozela".