Merkataritza aurreakordioaz lehen adierazpen idatzia egin dute Bruselak eta Etxe Zuriak

Uztail amaieran adostutakoak jaso dituzte, modu oso orokorrean, %15eko muga zergak barne; AEBek ez dituzte autoen gainekoak jaitsiko EBk muga zergen gaineko araudia aldatu arte.

Alemanian ekoitzitako autoak Essengo (Alemania) logistika terminalean. CHRISTOPHER NEUNDORF / EFE
Alemanian ekoitzitako autoak Essengo (Alemania) logistika terminalean. CHRISTOPHER NEUNDORF / EFE
Irune Lasa.
2025eko abuztuaren 21a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste aurrerapauso bat akordio aurrekoaren inguruan. Hori da funtsean Ameriketako Estatu Batuek eta Europako Batasunak gaur egin duten adierazpen bateratuaren muina. Donald Trump AEBetako presidenteak eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak bi blokeen arteko merkataritza akordioa iragarri eta hilabete geroago iritsi da hari buruzko lehen idatzia, lau orriko adierazpen soila, zeinak oraindik ere argibide gutxi ematen dituen uztail amaieran Eskozian hitzartutakoen aplikazioaz.

Finean, merkataritzan gauza bat da aurreakordioak lotzea, eta beste bat salgai, kopuru eta baldintza guztiei buruzko xehetasunak paperera eramatea. Normalean, urteak behar izaten dira herrialdeen arteko merkataritza akordioak ixteko. Denbora gehiegi, beharbada, Trumpentzat, ohituta baitago mahai gainean kolpea eman, berea inposatu, eta jarraian beste su bat piztera.

Folio gutxi horietan idatzitakoak, dena den, berretsi egiten du AEBetako muga zergen aurrean Europako Batasunak egindako kapitulazioa: AEBen %15eko muga zergak Europako salgai gehienentzat —autoak, sendagaiak eta erdieroaleak barne—. Alegia, deskontu bat, aurretik Trumpek alde bakarrez ezarritako muga zerga gogorragoetan.

REINO UNIDO GUERRA COMERCIAL
Von der Leyen eta Trump, uztail amaieran Eskozian, muga zergei buruzko akordioa lotu zuten egunean. FRED GUERDIN / EFE

Deskontu horren truke, EBk 750.000 milioi dolar erosi behar dizkie AEBei energian —petrolioa, gasa— eta 40.000 milioi dolar txipetan. Gainera, EBk 600.000 milioi dolar inbertitu behar ditu 2028. urterako «AEBetako sektore estrategikoetan».

Eta gehiago: EBk AEBetako industria produktuen gaineko muga zerga guztiak kendu behar ditu, eta «lehentasunezko sarbidea» eman AEBetako hainbat elikagairi. EBk konpromisoa hartu du AEBetako konpainia teknologikoei oztopoak kentzeko, eta, zehazki, ez die ordainsaririk ezarriko sareak erabiltzeagatik. Azken horretan, EBk akordiotik kanpo utzi ditu DMA eta DSA araudi digitalak.

Jaitsierarik ez autoetan

Hori bai, gaurko adierazpenak argi utzi du AEBek ez dituztela %15era berehala jaitsiko Europako autoen gaineko muga zergak: %27,5 izango dira aurrerantzean ere, «EBk muga zergen murrizketarako pareko araudia ezarri arte».

Bere automobil industria babesteko Alemaniaren interesa, eta Friedrich Merz kantzilerrak egindako presioa, beraz, beste behin zapuztuta geratu dira Trumpen administrazioarekin egindako negoziazioetan, nahiz eta printzipioz baldintza behin-behinekoa izan.

Hala ere, argitzeko dago EBk nola eta noizko egingo duen araudi hori, derrigorrez tartean sartu behar direlako Europako Parlamentua eta herrialdeak. Atlantikoaren beste aldetik datorren presioa, agian, pizgarria izan daiteke EBk araudi hori errazago bideratzeko.

Ez dago batere argi EBk zenbateraino bete dezakeen AEBei hainbeste energia —750.000 milioi dolar— erosteko konpromisoa. Gauza bera gertatzen da AEBetako sektore estrategikoetan «egin beharreko» 600.000 milioi dolarreko inbertsioekin

Italiak eta Frantziak ere ez dute beren ardo eta edarietarako salbuespenik lortu muga zergetan. Dena dela, Frantziak lortu du muga zergarik ez izatea hegazkinetarako osagarrietan. Eta oraindik zehazteko daukate altzairuaren eta aluminioaren gainean egun indarrean dauden %50eko muga zergetan deskonturik egingo duten AEBek.

Altzairuari eta aluminioari buruz, gaurko adierazpen bateratuak dio bi aldeek dutela «asmoa kontuan izateko elkarlanerako aukera, beren merkatuak gehiegizko ahalmenetik babesteko».

Edonola ere, beste gauza asko daude zehazteko. Adibidez, ez dago batere argi EBk zenbateraino bete dezakeen AEBei hainbeste energia —750.000 milioi dolar— erosteko konpromisoa. Gauza bera gertatzen da AEBetako sektore estrategikoetan «egin beharreko» 600.000 milioi dolarreko inbertsioekin: inbertsiogile pribatuek egingo dituzte?

EBk eskatu zaion guztia beteko duen eta nola zalantzak baldin badaude, zer esanik ez, Trumpekin ere badaude duda asko. Zenbateraino eutsiko die konpromisoei, zenbateraino ez du berriz ere muga zergen mehatxua erabiliko europarrekin beste gairen batean haserretzen denean?

Ursula von der Leyenen arabera, gaurko adierazpenak «ahalik eta baldintza onenak bermatzen ditu EBko enpresentzat eta kontsumitzaileentzat. EB izango da muga zerga guztien gaineko sabaia izango duen bloke bakarra», eta, Europako Batzordeko presidentearen arabera, «milioika lanpostu babestuta geratuko dira Europan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.