Merkataritza gune handietan, tentsioa eta tartekako itxierak

Irekitzen saiatu dira saltoki handi gehienak, baina bertan izan dituzte piketeak. Ertzain asko ibili den arren, lortu dute batzuk aldi baterako ixtea.

Ertzainak piketeei Urbilerako sarrera galarazten. GORKA RUBIO / FOKU
Oihana Elduaien Uranga.
2020ko urtarrilaren 30a
11:46
Entzun

Industrialdeetan izan dira piketeak goizean goiz, eta handik merkataritza guneetara jo dute, haiek irekitzeko orduan. Liskar gehien hiriburuetan izan da: komertzio handiak irekita topatu dituzte piketeek, baina haietara gerturatzea galarazi diete ertzainek.

Bilbon, esate baterako, piketeak Kale Nagusiko bitxi denda batera sartzen saiatu dira, baina ertzainek ez diete utzi. Identifikatu egin dute manifestari bat, eta abisu eman diote mozal legeagatik isuna iritsiko zaiola. Irekita zeuden denda handien atarietan ertzainak topatu dituzte. Manifestazioa pasatzean itxi egin dituzte, hala ere, haietako batzuk: adibidez, El Corte Ingles.

Bestelakoa izan da egoera Alde Zaharrean. Denda gehienak itxita zeuden piketeak joaterako, eta irekita zeudenek ateak itxi dituzte manifestazioa ikustean.

Donostiako erdigunean ere antzekoa gertatu da: denda eta kafetegiak irekita egon dira, harik eta manifestazioak bertatik pasatu diren arte.

Baina hirigunetik kanpoko lekuetan bestelakoa izan da egoera. Usurbilgo (Gipuzkoa) Urbil merkataritza gunean, esate baterako, tentsio handia izan da. Barrura sartzen saiatu dira piketeak, baina ertzainek ez diete utzi. Borrak astindu dituzte, eta manifestariak ateetatik aldenarazi. Nolanahi ere, merkataritza guneko ateak irekita izan arren, barruan ez zen jarduerarik, goizean behintzat. Ertzain gehiago zegoen, bezeroak eta langileak baino.

Hara bidean, Ertzaintzak gazte batzuk ere identifikatu ditu. Gainera, ez dira zutabe horretan identifikatu dituzten bakarrak; lehenago, Lasarte-Orian Argia-ko kazetari bat eta Diario Vasco-ko argazkilari bat ere identifikatu baitituzte.

Gasteizen Boulevard merkataritza gunea ixteko ahalegina egin dute. Ez dute lortu erabat ixtea, baina bai une batez geldiaraztea.

Gasteiz erdigunean are handiagoa izan da tentsioa. Izan ere, Ertzaintzak manifestarien kontra pilotak jaurti ditu.

Piketeak pasatu ahala itxi dituzte ateak beste hainbat tokitako dendetan ere. Lizarrako (Nafarroa) Eroskin, adibidez, halaxe egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.