"Historiko" adjektiboa jarri diote gaur munduko agintari gehienek gaur goizaldean 159 herrialdetako ordezkariek Balin (Indonesian) lortu duten akordioari. Munduko Merkataritza Erakundeak, hamazortzi urtean lehenengo aldiz, itun global bat adostea lortu du, nazioarteko merkataritza liberalizatzeko. Besteak beste, aduanak malgutzea eta merkantzien zirkulaziorako izapideak erraztea onartu dute.
Europako Batzordeko ordezkariek poza erakutsi dute, eta nabarmendu dute akordioak 730.000 milioi euro inguruko ekarpena egingo diola munduko ekonomiari, eta 21 milioi lanpostu inguru sor ditzakeela. Karel de Gucht EBko Merkataritza komisarioaren esanetan, MMEren pauso honek garapen bidean dauden herrialdeei urtean 325.000 milioi euro aurreztea ahalbidetuko die, eta ekonomia aurreratuen gastuak %10 inguru txikituko dira. "Mundu guztiak irabazten du", De Guchten arabera.
Martin Schluz Europako Parlamentuak zoriondu egin du MME 1995az geroztik lortu ez duena lortu duelako, akordio global bat sinatzea. Horrek MMEren "sinesgarritasuna sendotzea" ere badakarrela uste du Schluzek.
Aduanetako prozesuak eta burokrazia arintzeaz gain, enpresa txiki eta ertainei nazioatrekotzean sendotzea ahalbidetuko duelakoan dago Balin izan den Niccolo Rinaldi eurodiputatua, eta gaineratu du nazioarteko merkataritzako ustelkeria borrokatzeko ere lagunduko duela: "Prozeduren %85 digitalizatuko dira, eta aduanetako arau, tarifa, zerga eta kargu guztiak argitaratuko dira".
"Elikagai sergurtasuna"
Akordioa lortzea, nolanahi ere, ez da erraza izan. Batetik, ituna atzera botatzeko betoa erabiltzekotan egon da Kuba azken unera arte, itunak ez zuelako bere baitan biltzen Karibeko uhartearen kontrako enbargoa desegiteko eskaririk. Azkenean, ordea, alde bozkatu du La Habanako ordezkariak ere. Bestetik, AEBek eta EBk Indiaren eta beste hainbat herrialderen "elikagai segurtasuna" onartu behar izan dute. Indiak herritar pobreenei janaria ziurtatzeko nekazaritza produktuak biltzen ditu, eta Washingtonek eta Bruselak biltegiratze hori ez zuten begi onez ikusten, nazioarteko merkataritza desorekak sor ditzakeela uste zutelako. Azkenean, ordea, bai AEBek bai EBk onartu egin dute Indiak eta beste hainbat herrialdek euren "elikagai segurtasuna sendotzea", beti ere, "behin betiko konponbide bat" bilatu bitartean.