MERKATARITZA

Merkataritza librerako akordioa lortu dute AEBek eta Pazifikoko 11 herrialdek

Mende honetako akordiorik zabalena da TPT, eta munduko ekonomiaren %40ari eragiten dio

Akordioa garaipen handia da Barack Obama AEBetako presidentearentzat. OLIVIER DOULIERY, POOL
Iker Aranburu.
2015eko urriaren 5a
17:29
Entzun

Bost urteko negoziazioak gaur goizean bukatu dira, Atlantan (AEB). Trans-Pacific Partnership (TPP) akordioaren bidez, mugasariak gutxitu egingo dituzte zenbait produktutan eta kendu beste batzuetan. Ondorioak izan ditzake herrialde batzuetako lan harremanetan ere, sindikatu libreak egotea derrigorrezkotzat jotzen baitu (Vietnamen ez daude). Ingurumenaren aldeko neurriak ere inposatzen ditu, eta jabetza intelektuala babesteko arau komunak ere baditu. Eztabaidagai nagusietako bat farmazia industriari buruzkoa izan da: AEBek 12 urteko esklusibitatea eman nahi zien sendagai bat patentatzen zuen botikagileari, baina epe hori laburragoa izatea defendatzen ari zen Australia.

Sinatzaileak hauek dira: AEBek, Japonia, Vietnam, Malaysia, Brunei, Singapur, Australia, Zeelanda Berria, Kanada, Mexiko, Txile eta Peru. Zerrenda horretan Pazifikoko beste potentzia ekonomiko nagusia falta da, Txina. Neurri batean, AEBek Pazifikoko herrialdeekin merkataritza akordioa bilatzea Txinari aurre egiteko estrategiatzat jo zuten askok, baina orain ez da guztiz baztertu behar Pekinek aurrerago bat egitea. Txinako Gobernuak bere itun propioak bilatzeari ekin dio. Pazifikoko beste potentzia ekonomiko batzuk —Hego Korea, Taiwan, Filipinak edo Kolombia— oraingoz kanpoan geratu dira.

Akordioa garaipen handia da Barack Obamarentzat, bere agintaldiko helburu nagusien artean jarri baitu merkataritza librerako akordioak sustatzea. Mahai gainean dago, esaterako, Europako Batasunarekin negoziatzen ari diren Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoa (ingelesez, TTIP). Azken itun horri buruzko eztabaida handia sortu da EBn batez ere, AEBetako enpresen aldekoa eta estatuek legedia ezartzeko eskubideen aurkakoa izan daitekeelakoan. Euskal Herrian ere izan dira protestak TTIParen aurka. Eusko Jaurlaritzak eta enpresa esportatzaile batzuek, aitzitik, ziurtatu dute Euskal Herriari mesede egingo diola, AEBetako merkatu zabala gehiago irekiko diolako.

TPPk ere sortu du ika-mika herrialde batzuetan, industria batzuek beren burua arriskuan ikusten dutelako, Kanadako esne sektoreak edo Mexikoko autogintzak, esaterako.

Indarrean jarri aurretik, parlamentuen oniritzia beharko du TPP akordioak. Herrialde batzuetan hori ez dago guztiz ziurtatuta. AEBetan bertan nekeak izan ditzake Obamak, Kongresuko gehiengo errepublikanoan batez ere merkataritza akordioen aurkako iritzia oso zabalduta baitago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.