Lan baldintzak

Merkataritzako langileak grebara deitu dituzte ELAk eta LABek, datorren ostiralean

Internet bidezko salmentak handitzen ari direla argudiatuta, kate handiak dendak itxi, langileak bota eta besteen baldintzak prekarizatzen ari direla salatu nahi dute.

ELAko eta LABeko ordezkariak, gaur, Bilbon. ELA
Iker Aranburu.
2021eko ekainaren 17a
13:08
Entzun

ELAk eta LABek greba antolatu dute merkataritzaren sektorean ekainaren 25erako. Horren bidez, merkataritzako langileek «bizi duten alarma gorriaren egoera» sozializatu nahi dute, sektorean erreferenteak diren enpresek enplegua suntsitzea eta lan-baldintzak prekarizatzea erabaki dutelako.

Sindikatuek Euskal Herrian denda asko dituzten hiru taldetako egoera nabarmendu dute. Hiruei egotzi diete irabazi handiak eustearren dendak ixtea eta lan taldeak txikitzea.

«Adibidez, Inditexek, nahiz eta 3.800 milioi euroko irabazi garbia izan, azken lau hilabeteetan 23 denda itxi ditu Hego Euskal Herrian, eta, ondorioz, enplegua galdu eta lan-baldintzak okertu ditu, langile askori lanaldia murriztuz. El Corte Inglesek, 310 milioi euroko irabaziarekin, estatuan 15 denda ixtea eta ia 3.300 langile kaleratzea proposatu du. H&Mk 1.200 milioi euroko irabaziak izan zituen 2019an, eta, hala eta guztiz ere, 26 denda itxiko ditu estatu espainiarrean eta 900 lanpostu baino gehiago suntsituko ditu, ehunka langileren lan-baldintzak murrizteaz gain».

Hain zuzen ere, H&M enpresako langileek apirilaren 22an hasitako greba bukatu dute asteon, enpresarekin akordioa lortu ondoren. ELAk aldarrikatu du berak babestutako grebak eragin duela inor kalera ez joatea, baina kontakizun hori gezurtatu dute CCOOk eta UGTk, eta haien negoziazioen ondorio izan dela ziurtatu dute.

Prozesu baten hasiera

ELAren eta LABen ustez, «onartezina da onura handiak dituzten enpresek enplegua suntsitzea eta lan-baldintzak prekarizatzea berez prekarizatutako eremu batean, non araua soldata baxuak eta lanaldi partzialeko kontratuak diren».

Era berean, uste dute merkataritzan enplegua suntsitzeko prozesu hori hasi baino ez dela egin eta enpresa horiek beren estrategiarekin jarraituko dutela; beraz, mobilizazioa aktibatzen ez bada, beste asko gehituko dira.

Patronalari dei egin diote enpleguari eusten lagunduko duten negoziazio-elementuei heltzeko, eta, besteak beste, hitzarmenetan gehieneko lanaldia murrizteko beharra aldarrikatzen dute, bai eta online salmentaren ondorioz sortzen diren kategoria berriak arautzeko ere. «Kalitatezko eta bermedun enplegua nahi dugu. Ezin dugu onartu, on line salmenta areagotzearen aitzakian, enpresa horiek digitalizazio-prozesuak bultzatzea, gutxi batzuk aberasten laguntzeko, herrialde horretako langile-klasearen kaltetan, eta merkataritza txikiko enplegua suntsitzeko».

Azken eskaera bat egin diete ELAk eta LABek,  erakundeei eta alderdi politikoei: beren gain har dezatela lan-erreformak indargabetzea eskatzeko eta aldarrikatzeko konpromisoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.