Txinak eta ASEAN Asia Hego-Ekialdeko Elkarteak munduko merkataritza askeko gunerik handiena sortzeko bidean urratsa egin zuten atzo Vientianen (Laos). Merkatu bakar horrek ia bi mila milioi biztanle izango ditu, eta 2020. urterako eratu nahi dute, kontinenteko herrialde gehiago ere barnean direla.
Urratsa besterik ez, benetako EB asiarra oso urrun dagoelako, eta, herrialde batzuen eragozpenak ikusita, agian inoiz ez delako iritsiko. Izan ere, batzuen eta besteen interes ekonomiko estrategikoei begira, bi blokeek eutsi egin diete hainbat produktu esanguratsuen gaineko aduanei: azukrea, autoak, altzairua eta burdina, besteak beste. Gainera, tratutik kanpo geratu dira zerbitzuak ere.2010erako nahi dituzte mugasariak kendu, eta ordurako ere bi blokeen arteko desadostasunetan epaile lana egingo duen erakundea ere sortuko dute. Azpiegiturak ere hobetuko dituzte: Autobidea egingo dute Bangkoketik (Thailandia) Txina hego mendebaleko Kunming hirira, eta trenbide bat Kunmingetik Rangunera (Birmania). Singapurretik Txinara, Indotxina osoa zeharkatuko duen trenbidea ere egin nahi dute.
AEBei, EBri eta Japoniari itzala egiteko estrategia
Beste ezer baino gehiago, atzo sinatutako itunak Txinaren eta ASEANen arteko harremanak sendotzeko balioko du. Oraintsu arte, ASEANeko herrialdeek mesfidantzaz ikusi dute Txinaren azken urteotako hazkuntza ikaragarria. Lehiakide handiegia da beraientzat: 1994-2003 artean, Txinak 392.000 milioi dolarreko inbertsioa erakarri du atzerrietatik, eta 147.000 baizik ez ASEANek. Beraiek ere onura atera dute Pekin mundura zabaldu izana, haren lehengaien hornitzaile nagusietakoa baitira.
Txinak, bere aldetik, ASEANen beharra du noizbait Europako Batasunari, AEBei eta Japoniari itzala egingo dion polo ekonomikoa sortu, eta horiekin berdintasunez negoziatu ahal izateko. Bide batez, Taiwan bakartuko du.Txinaren eta ASEANen arteko merkataritza harremana asko handitu da: 2004ean 100.000 milioi dolarrekoa izango da, eta urtetik urtera %5 eta %7 artean haziko dela iragarri du Ong Keng Yong ASEANeko idazkariak.Txinarekikoak ez ezik, beraien barneko mugak ere laxatuko dituzte ASEANeko herrialdeek. Lehen epean, 4.000 mugasari kendu nahi dituzte, besteak beste aparailu elektronikoen, oihalen, autoen, gomazko eta egurrezko produktuen eta janarien gainekoak. Produktu horiek ASEAN barruko merkataritzaren %50 suposatzen dute. Pertsonen zirkulazioa ere malguagoa izango da. Aire garraioak, turismoak eta osasun-arretak ere merkatu bakarra izango dute, eta ASEANeko herri batetik bestera joateko ez da bisaturik eskatuko.
Beste herrialdeei irekita
2007. urte arteko epea dute ASEANeko herrialde aberatsenek hurrenez hurren Singapur, Brunei, Malaysia, Thailandia, Filipinak eta Indonesia. 2012koa, berriz, lau pobreenek: Vietnam, Laos, Kanputxea eta Birmaniak. Atzo arte, 2010 eta 2015 ziren epeak, baina hiru urtez aurreratzea erabaki dute.
Vientianeko gailurrean izan ziren ere Asiako beste hiru erraldoi ekonomikoak India, Hego Korea eta Japonia. Lehen aldiz, gainera, Ozeaniako bi potentziek hartu dute parte, Australiak eta Zeelanda Berriak. Herrialde horiekin guztiekin merkataritza harremanak sakondu eta mugak kendu nahi ditu ASEANek. Helburua, 2020rako merkatu bakarra sortzea.
MERKATARITZA
Merkatu bakar handiena sortzeko urratsa egin dute Asia ekialdean
Txinak eta Asia Hego-Ekialdeko Elkarteko hamar herrialdeek hainbat produkturen gaineko mugasariak kenduko dituzte 2010 bitartean; EBri, AEBei eta Japoniari itzala egingo dien gunea sortu nahi du Pekinek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu