Merkatua ala estatua

Banca Civicak eta Bankiak burtsan bilatuko dute falta zaien kapitala; beste kutxa talde batzuek laguntza publikoa eskatuko duteCaja España-Duero eta Unicaja elkartuko dira, eta Unnim ere bazkide bila dabil

Nafarroako Kutxaren egoitza nagusia, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Bankuak esku artean ditu dagoeneko kapital betebehar berriak gainditzen ez zuten erakundeek finantzaketa lortzeko aurkeztu dizkioten irtenbideak. Bi aukera zituzten kutxa talde gehienek, eta horiekin saiatuko dira: burtsan edo inbertitzaile pribatuen dirua bilatu, edo zuzenean laguntza publikoa eskuratu, FROB funtsaren kutxatik. Beste aukera bat ere gorpuztu da azken egunotan, eta beste erakunde edo talde batean integratzea bilatuko dute kutxa batzuek.

Hego Euskal Herriko aurrezki kutxa, banku eta kreditu kooperatiba guztiek lortu zuten Espainiako Bankuaren proba gainditzea, batek izan ezik. CAN partaide den erakundeak, Banca Civicak, ez zuen oinarrizko kapital maila lortu. Guztira, 847 milioi euro falta zaizkio. CANek eta beste bazkideek —Caja Burgos, Cajasol eta CajaCanarias— diru hori burtsan edo inbertitzaile pribatuen zorroetatik lortu nahi dutela aurreratu dute. Espainiako Bankuak ohartarazi zien gutxienez kapitalaren %20 salgai jarri beharko zutela. Banca Civicak taldearen %25 eta %40 bitartean jarri nahi du esku pribatuetan.

Ikusteke dago kutxen eskaintzak merkatuetan izango duen harrera. Azken asteotan saiatu dira euren proiektuak nazioartean ezagutarazten, balizko inbertsioak erakartzeko asmoz. Banca Civicak berak New York eta Londresen aurkezpenak egin ditu. Arrisku kapitaleko funts ezagunekin bildu dira, Financial Times egunkariak argitaratu duenez.

Kapital pribatua lortu ahal izateko nolako ahalegina egin beharko duten ez dago garbi, eta kutxak benetan balio dutenaren azpitik saldu behar izateko arriskua hor dago. Zenbait iturriren arabera, kontuek aitortzen dizkieten balioaren %0,5 eta %0,6 bitarteko prezioarekin aterako dira merkatura. Eta hori akaso ez da aski izango finantzaketa erakartzeko.

Espainiako kutxa talderik handienak, Bankiak, burtsaren bidea hartuko du. Espainiako Bankuak egindako azterketaren arabera, 5.775 milioi behar zituen Caja Madrid eta Bancaja buru dituen erakundeak. Haatik, parte batburtsan salduz gero, kopuru hori 1.795 milioi eurora jaitsiko litzateke. Akzioen salmentarekin 3.000 milioi inguru lortuko dituela espero du Bankiak.

Laguntza publikoaren zain

Burtsan saiatzeko asmoa duen beste taldea Banco Mare Nostrum da. Caja Murcia, Sa Nostra, Caja Granada eta Caixa Penedes kutxek osatzen dute talde hori, eta 637 milioi euroko kapitala lortu behar dute.

Beste talde batzuek zalantza gutxiago izan dituzte, eta zuzenean laguntza publikoa eskatu dute. Ez da polemikarik gabeko aukera izan, hala ere. Banco Baseko bi bazkide nagusiek, Cajasturrek eta CAMek, desadostasun larriak izan dituzte. CAMek nahiago zuen burtsara atera, baina bere aktiboen balioa nabarmen murriztu da, eta merkatuetan dirua lortzeko zailtasunak ikusita, estatuaren esku hartzea defendatu du Cajasturrek. Azkenean, FROB funtsari ia 1.450 milioi eskatuko dizkiote. Banco Base da oraindik kutxa bakoitzaren batzar orokorraren oniritzia lortu ez duen bateratze bakarra. Etzi izango da.

Estatua ere CatalunyaCaixako akziodun bihurtuko da. 1.718 milioi euro jarriko ditu. Beste kutxa batzuen etorkizuna ez dago hain garbi. Novacaixagaliciak finantzaketa behar handiak ditu —2.622 milioi—, eta, parte bat FROB funtsetik lortu beharko duela onartu badu ere, saiatuko da hala inbertitzaile pribatuak lortzen nola kapital beharra murrizten, barne mailako moldaketen bidez.

Caja España-Duerok Unicajarekin bat egingo du, eta horrekin aski izango du. Unnim taldeak ere beste finantza talde batzuekin elkartzeko aukera aztertzen jarraitu nahi du. Ez balu akordiorik lortuko, aktibo guztiak banku batera bildu eta laguntza publikoa eskatuko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.