Greziaren erreferendumak finantza merkatuei astindua emango zitzaiola uste zuten askok, merkatuek baiezkoaren aldeko apustua egin zutelako. Ez da, ordea, gauza handirik gertatu. Jaitsi bai jaitsi dira burtsak, baina erorikoa ez da dramatikoa izan: -%2,22 EBko enpresa handienak biltzen dituen Eurostoxxek eta Madrilgo Ibex-35ek, -%2,01 Parisko CAC-40k, -%1,52 Frankfurteko Daxek, -%0,76 Londresko FTSEk.
Zor publikoaren merkatuan ere erorketak ez ziren izugarriak izan. Grexit-erako aukerak handitu diren heinean, bazegoen arriskua merkatuek estu dabiltzan euroguneko beste estatuen finantza osasuna auzitan jartzeko, eta haien zorraren truke askoz interes handiagoak eskatzen hasteko. Herrialde periferikoen arrisku sariak —beren hamar urteko zorrak Alemaniakoarekin alderatuta pagatu behar duen interes gehigarria— igo egin ziren, baina neurrian. Arratsalde erditsuan 24 puntu ari da igotzen Portugalena (241), hamazazpi puntu Espainiarena (161), hamabost Italiarena (163) eta zortzi Irlandarena (89). Kasu guztietan, iazko aste hasierako mailan daude.
Salbuespena, nola ez, Grezia da: 334 puntu igo da haren arrisku saria, 1.743 punturaino. Hau da, Greziak %18 arteko interesa ordaindu beharko lukeela finantza merkatuetan hamar urteko zorra lortu nahi izango balu.
Dibisen merkatuan, euroak dolarrarekiko balioari eutsi zion: euro bat, 1,11 dolarren truke.