Greziaren zorra murrizteko ahaleginean arrakasta izatera zihoanean, Wall Streeteko eta Europako banku handiek eta inbertsio funtsek erabaki dute plan hori kiebra bat dela. Kontraerasora jo dute. Horrenbestez, Greziaren kiebraren gaineko aseguruak (credit default swap delako deribatuak) aktibatu dituzte. Erabaki hori honako 15 finantza erakundek hartu dute: Bank of America, Barclays, Goldman Sachs, Morgan Stanley, Societe Generale, BNP Paribas, Deutsche Bank, Credit Suisse, JP Morgan, UBS, Citadel, ShawGrow, Pimco, Blue Mountain Capital eta EMC. 2.400 milioi dolar ordaindu beharko dituzte CDS saltzaileek. Uneotan ez dago argi zer ondorio izango dituen erabaki horrek zor merkatuetan astelehenetik aurrera, baina berriro ere merkatuetan krisia Euroguneko beste herrialdeetara eta finantza erakundeetara zabaltzeko arriskua handitu egin da.
Ez dirudi, ordea, ISDAren erabakiak Greziaren zorraren gaineko plana baldintzatuko duela. Gehienez ere, beste herrialdeekin sor daitezkeen antzeko arazoei begira, mugarri bat ezarriko du. Izan ere, euroguneak eta Greziak arrakasta izan dute planarekin. Hartzekodun pribatuen gehiengo handi batek (%95era arte) onartu egingo dute bono zaharrak berriengatik trukatzea.
ISDAren erabakia jakin aurretik, Europako agintarien artean baikortasuna zegoen. Duela hiru urte kapitalismoaren birfundazioa iragarri zuen Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak, adibidez, atzokoan beste esaldi arranditsu bat bota zuen. «Arazoa konponduta dago. Finantza krisian, orrialde bat pasa dugu». Wolfgang Schaueble Alemaniako Finantza ministroak, berriz, ohartarazi zuen «akats handia» litzatekeela greziar zorraren krisia konpondua dagoen irudipena ematea.
Zer onartu dute hartzekodunek?
Uneotan, Greziak 340.000 milioi euroko zor publikoa duen arren, hartzekodun pribatuen eskuetan206.000 milioi euro daude: 177.000 milioi euro (%84) Greziako legeen araberako bonuak dira, eta 29.000 milioi euro (%16) nazioarteko arauen menpeko bonuak dira.Bereizketa hori egitea garrantzitsua da, trukea Greziako legepean dauden hartzekodunen %75ek baino gehiagok onartuz gero,behartu egin daitezkeelako gainontzeko hartzekodunak tratua onartzea. Nola? Ekintza kolektiboko klausulen bitartez.
Hori gertatu da. Nazioarteko legepeko hartzekodunen kasuan, soilik %69k (20.000 milioi euro) onartu egin du trukea, baina Greziako legepekoen kasuan %85,8k. Azken portzentaje horri esker, klausulak ezar daitezke eta %95,7raino igo daiteke trukea onartu dutenen kopurua: hots, 197.000 milioi euro.
Zer gertatuko da onartu ez dutenekin?
Zorraren %95,7 inguru duten hartzekodunen baiezkoarekin, okerrena pasa da. Orain Europako Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak 130.000 milioi euroko erreskate plana baimenduko dute Greziarentzat, eta modu horretan martxoaren 20ko data zailari aurre egin ahal izango dio herrialdeak: orduan 14.500 milioi euroko ezinbesteko ordainketa bati egin behar dio aurre.
Behin zorraren %95en jabe dengehiengo hori eskuetan duela, beste 9.000 milioi euro adinako bonoak dituzten hartzekodunak estutzeko gehiegizko presarik ez du Greziak. Horregatik, martxoaren 23ra arteko marjina eman die tratua onartu dezaten.
Zer ondorio izango ditu epe laburrera?
Hartzekodunek, jakina, dirua galduko dute. Interes tasak aintzat hartu gabe, trukeak %53ko galera eragingo die, eta interes tasak kontuan hartuz gero, batez beste %74 ingurukoa. Zordunari, berriz, arindua emango dio. Tratuari esker, Greziaren zor publikoa 105.000 milioi eurotan murriztuko da.
Zer gertatuko da CDS aseguruekin?
Hartzekodun batzuk uste du plan hori kiebra antolatu bat izan dela, eta azken egunetan, kiebra baten gaineko aseguru edo CDS deribatua kobratzea erreklamatu dute ISDA Nazioarteko Deribatu Kontratuen Elkartean. Iragan astean, ISDAko batzordeak ebatzi zuen ez zela kiebra bat. Atzo, berriz, kontrakoa ebatzi zuen. Uneotan Greziako CDSen bidez 2.400 milioi euroko arriskua estali da, eta ISDAk erabaki du aseguru horiek aktibatzea. Antza, greziar legepeko bonoen gaineko CDSen erosleek kobratuko dute dirua. Erabaki horren ondorioak uneotan aurreikustea zaila dirudi.
Zer egin beharko du Greziak?
Greziako Gobernuak arnasa pixka bat hartu du, baina horrek ez du esan nahi troikaren presioa arinduko dela. Hartzekodun pribatuei truke hori inposatu eta bigarren erreskate plana onartu aurretik, Greziako Gobernuak erreforma eta gastu murrizketa oso gogorrak onartu behar izan ditu.Neurri horien ondorioz, iaz ekonomia %7,5 uzkurtu zen, eta krisi hasi geroztik, ekonomikoki hamar urte egin du atzera Greziak. Horregatik, ezinbestekoa dute Greziak eta euroguneak zor publikoa murriztu ez ezik ekonomia indartzeko neurriak hartzea. Erronka horri aurre egin ezean, arazoak azaleratuko dira goiz edo berandu.
Zer ondorio izango ditu epe luzera?
Hartzekodunen eragin eremua arintzen joango da. Hemendik aurrera hartzekodun pribatuen eskuetan den zorra 72.000 milioi eurokoa da, eta hamabost urteren buruan, hartzekodun pribatuekin zorra kitatuta egongo da. Greziaren hartzekodunak erakunde ofizialak izango dira: EBZ, NDF eta EB. Panorama argituko bada ere, arriskuak ez dira desagertuko. Ekonomiak uzkurtzen jarraitzen badu, barne produktu gordinarekiko zorra handiegia izaten jarraitzen badu. Hartzekodun ofizialek sakrifizio etengabeak eskatzen badizkiote, herritarrak eurotik ateratzea erabaki dezakete.
Amaitu al daeuroaren krisia?
Ez, inondik inora. Beste behin ere denbora irabazi da. Greziako CDS deribatuekin gertatzen denaren zain, Greziak su-eten bat eskain dezake bolada batez, eta fronte hori baretu daiteke. Alabaina, horrek, berez, ez dituinondik ere eurogune barruko desoreka eta tentsio ekonomikoak baretuko.
Merkatuen kontraerasoa
Hartzekodun pribatuen zor trukea onartu eta gero, banku handiek orain erabaki dute plan hori kiebra bat dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu