Merkel, lasaitasun eske

Sarkozyk, Merkelek eta Papandreuk Greziaren egoera aztertuko dute gaur telefono bidezko elkarrizketa batean

2011ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Grezia dirurik gabe geldituko den beldurrak aztoratuta dauzka Europako burtsak eta merkatuak; herenegun izandako galerak, horren froga. Atzo, baina, indize gehienek irabaziekin bukatu zuten eguna, besteren artean, Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren ahaleginengatik. Burtsek ateak irekitzerako egin zuen inbertsiogileak baretzeko lehen saioa rbb-Inforadio Alemaniako irrati kate publikoan. Greziak ordainketak modu desordenatuan eten ez ditzan EB Europako Batasuneko agintariak ahal duten guztia egiten ari direla ziurtatu zuen, eta lasaitasuna eskatu zuen: «Ez espekulatzea delako Greziari egin diezaiokegun mesederik handiena».

Adierazpen horiekin, azken egunotan Greziaren inguruko zurrumurruak indartu dituztenak isilarazi nahi izan zituen, etxetik hasita. Philipp Roesler Alemaniako Ekonomia ministroa eta Horst Seehofer Bavariako gobernuburua dira horietako bi: bata, Greziak porrot egitea aukeren artean jarri zuelako; bestea, Grezia eurogunetik kanporatzea eskatu zuelako. Ekonomia eta finantza politiketan %50 psikologikoa dela sinetsita, «kontu handiz eta hitzak ondo neurtuta» hitz egitea aholkatu zien Merkelek diru merkatuetan eragiteko ahalmena duten guztiei. «Ezin ditugu finantza merkatuak are gehiago urduritu, lehendik ere handiegia delako urduritasuna».

Horiek hala, Euroaren eremuko herrialdeei batuta mantentzeko deia egin zien, Greziak porrot egingo balu ondorioak eurogune osoak jasan beharko lituzkeelako. Atenasi, berriz, etxeko lanak egiteko eskatu zion, «oso ondo dakielako zer den egin behar duena». Edonola ere, Alemaniako eta Frantziako gobernuburuek gaur bertan gogoraraziko dizkiote eginbeharrak Yorgos Papandreu Greziako lehen ministroari, telefonoz hitz egitekoak baitira. Beste urratsik egin aurretik nazioarteko laguntza jasotzearen truke hartutako konpromisoak betetzeko prest dagoen baieztatu nahi dute Angela Merkelek eta Nicolas Sarkozyk. Hori bera aztertuko du Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) ere gaur egin duen bileran.

Bigarren erreskatea, jokoan

Porrotetik salbatzeko, Greziari 110.000 milioi euroko laguntza ematea adostu zuten iazko maiatzean EBk eta NDFk. Laguntza horren lehen bost zatiak jaso ditu dagoeneko, eta hitzartutako egutegia betetzera, urrian dagokio seigarrena jasotzea. Filipos Sajinidis Greziako Finantza Estatu idazkariak herenegun egindako adierazpenen arabera, gainera, 8.000 milioi horien premia larria du herrialdeak, urrian pentsio eta soldata publikoak ordaintzeko dirurik gabe geldituko delako.

Seigarren zati horrek, baina, ez du herrialdea porrotetik salbatuko. Horregatik, iaz hitzartutako erreskatearekin nahikoa izango ez duelako, EBk eta NDFk bigarrena ematea adostu zuten uztailean. Akordio horrek, ordea, EBko herrialde bakoitzaren oniritzia behar du, eta, horretarako, Atenasek ezinbestekoa du nazioartetik jasotzen duen dirua egoki kudeatzea eta agindutako erreformak egitea. Hain zuzen, lan horretan laguntzeko, Europako Batzordeak 30 teknikariz osatutako talde bat bidali zuen atzo Atenasera. Osteguna bitarte, herrialdearen beharrak identifikatzen eta Europaren lankidetzarekin finantzatzen diren proiektuak bultzatzeko bideak topatzen saiatuko da taldea. Urriaren bukaeran aurkeztuko dute egoerari buruzko txostena.

Talde horrek, baina, ez dauka zer ikustekorik troika deritzon ikuskarien taldearekin. Azken hori aste honen bukaeran edo hurrengoaren hasieran iritsiko da Greziako hiriburura, Papandreuk iragarritako azken murrizketa plana gainbegiratzera. Troikak ateratzen dituen ondorioek berebiziko garrantzia dute Greziarentzat, haren esanak erreskatearen seigarren zatia eta bigarren erreskatea baldintza ditzakeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.