Merkelek erantzun du zerga diziplina negoziaezina dela

Kantziler alemaniarrak argi utzi du ezin dela atzera egin abenduan 25 estatuk onartutako itunaren edukietan

joxerra senar
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Nein, nein eta nein. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak berehala erantzun nahi izan die azken egunetan zerga diziplina zorrotzegiaren aurka sortu diren kritikei. François Hollande Frantziako presidentegai sozialistaren balizko garaipena aurreikusirik, azken egunetan Europako Batasuneko zenbait agintari esanguratsuk ustez zalantzan jarri dute finantza publikoen neurritasuna lehentasun erabatekotzat duen estrategia. Matxinada horren aurrean, Merkelek atzo argi utzi zuen zerga diziplina «negoziaezina» dela.

Haren erantzuna, batik bat, Hollanderentzat zen. Herenegun, hautagai sozialistak adierazi zuen bozak irabaziz gero abenduan Europako Batasuneko 25 herrialdek izenpetutako itunaren edukia aldaraztea exijituko duela. Aldiz, Merkelek atzo adierazi zuen itun hori ezin dela berriro ere negoziatu. Kantzilerrak gogora ekarri du itun horren edukia estatukide horietako parlamentu gehienetara heldu dela, eta orain ezin dela atzera egin.

Merkelen hitzak Frantziako presidentetzarako kanpainan esku hartze gisa interpretatu daitezkeenez, Steffen Seibert gobernuko eledunak kantzilerraren mezua leundu nahi izan zuen atzo bertan. Haren ustez, Merkelek ez du Hollanderekin inongo arazorik nahi, baina bai nahi du egungo errealitatea «berrestea». Alemaniako Gobernuaren ikuspuntutik, krisitik ateratzeko EBren estrategiaren lehen zutarria zerga diziplina da, eta «bigarren zutarria» hazkunde ekonomikoa da.

Horretan datza auzia. Orain arte, batik bat, diziplinari eman zaio lehentasuna, baina aurreikuspen ekonomiko beltzen aurrean, hazkundearen aldeko neurriak ere eskatu dira. Adibidez, Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidenteak adierazi du orain «hazkunde itun bat» bultzatu behar dela. Antzeko mezuak gehiago entzun dira, bainaatzean ezadostasunak egon daitezke. Izan ere, Alemaniako Gobernuak eta EBZk uste dute erreformen bitartez sustatzen dela hazkundea; aldiz, beste agintari batzuk hasi dira iradokitzen defizita murrizteko epeak atzeratuta sustatu behar dela hazkundea.

Bankuei, erreskaterik ez

Espainiako banku batzuek birkapitalizatzeko Europako erreskatefuntsetako dirua beharko dutela entzuten da gero eta ozenago. Alemaniako komunikabideek kaleratu dute EBZ aukera hori aztertzen ari dela. Alabaina, Seibertek ukatu egin du. Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak ere irmo ukatu zuen aukera hori. «Inork ez dio gobernuari, ez modu ofizialean, ez bestela, halakorik eskatu. Ez dugu behar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.