Merkelek eta erreskate funtsak gainditu dute azterketa

Alemaniak Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsa handitzea eta malgutzea onartu du, gehiengo handiarekinAngela Merkel kantzilerrak beharrezko babesa lortu du gobernuko alderdietan

jakes goikoetxea
2011ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Europak eta Angela Merkelek arnasa hartu dute. Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsa (EFSF) handitzea eta malgutzea onartu du Alemaniako Parlamentuko behe ganberak, Bundestagek. Europak arnasa hartu du, bozketaren emaitza zalantzan ez bazegoen ere, Alemaniak, Europaren motorrak eta gidariak, babes oso zabala eman diolako erreskate tresnaren erreformari. Eta Angela Merkel kantzilerrak arnasa egin du, gobernuko koalizioan desadostasunak izan arren, koalizioan bertan babes nahikoa lortu duelako erreforma onartzeko.

523 diputatuk bozkatu zuten alde, 85ek kontra eta hiru abstenitu ziren. Aldekoen artean zeuden Merkelen CDUren eta gobernuko FDPren eta CSUren 315, hau da, beharrezko gehiengoa baino lau gehiago (620 diputatu dira guztira). Hala ere, gobernuko alderdiek dituztenak baino hamabost gutxiago dira: hamahiruk kontra bozkatu zuten eta bi abstenitu egin ziren.

EFSFren etorkizuna baino gehiago, Merkelena zegoen atzo jokoan. Merkelentzat umiliagarria izango bailitzateke oposizioari esker onartzea erreforma (SPDk eta Berdeek alde bozkatu zuten). Hala gertatu balitz, gobernua bera kolokan egongo litzateke; baina Merkelek atzoko zeharkako konfiantza mozioa gainditu zuen.

Europako agintariek uztailaren 21ean onartu zuten EFSFren erreforma: alde batetik, handitzea, 440.000 milioi eurotik 780.000 milioi eurora, praktikan 440.000 milioi euro utzi ahal izateko (orain arte 250.000 milioi euro utz ditzakete); bestetik, malgutzea, finantza erakundeei ere dirua utzi ahal izateko eta estatuen zorra erosi ahal izatea.

Euroguneko 11 herrialdek onartu dute erreforma.Sei falta dira. Austrian gaur bozkatuko dute. Alemaniak onartu du, baina etorkizunean Merkelek eskuak lotuta edukiko ditu euroguneko negoziazioetan: Bundestagek beto eskubidea izango du etorkizuneko erreskateei buruzko erabakietan.

Erabaki gehiago

Erabaki horiek laster etorriko dira. EFSFren ordezkoa, ESM, onartu beharko dute. Greziaren bigarren erreskatea ere bai. Eta Europan jada hitz egiten ari dira EFSF handitzeaz eta berriro aldatzeaz. Gehiegi alemaniarrentzat, atzo onartutako aldaketak aurrera egiten badu, ia bikoiztu egin beharko baitu EFSFri bermeetan egin beharreko ekarpena, 123.000 milioi eurotik 211.000 milioira.

Alemaniak EFSFren erreforma onartu zuen egun berean, milaka greziarrek erreskatea hartu eta alde egiteko eskatu zieten Europako Batzordeko, Europako Banku Zentraleko (EBZ) eta Nazioarteko Diru Funtseko ordezkariei Atenasen.

Italian, berriz, agerian geratu da abuztuan salatutakoa: Berlusconiren gobernuak EBZk bultzatuta azkartu eta gogortu zituela murrizketak, EBZk Italiaren zorra erostearen ordainetan. Jean-Claude Trichetek Italiako Gobernuari bidalitako gutuna kaleratu du Corriere della Sera egunkariak. Espainiako Gobernuari ere bidali zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.