Irakasleak, Alemaniak, etxeko lanak egin dituela eta bide onetik doala esan dio ikasleari, Espainiari. Jakina zen. Baina etxeko lan gehiago jarri dizkie, bai Espainiari bai euroguneko gainerako herrialdeei, Alemaniaren babesa eta laguntza jaso nahi badute.
Jose Luis Rodriguez Zapaterok, Espainiako Gobernuko presidenteak, Angela Merkel Alemaniako kantzillerraren babesa nahi zuen, erreformen notario lanak egiteko, azterketa gainditu duela erakusteko. Herenegun sindikatuekin eta patronalarekin bezala, atzo ere argazkiaren bila zebilen, oraingoan irakasle zorrotzarekin, Europari erakusteko. Alemania da Espainiaren hartzekodun nagusia, eta merkatuentzat zerbait esan nahi du zorduna eta hartzekoduna elkarren ondoan irribarretsu agertzeak.
Sei orduko goi bilerarako bi gobernuek seina ministro eta enpresa eta sindikatu garrantzitsuenetako arduradunak eraman zituzten. Adierazgarria.
Merkelentzat «gauza handiak» eta «lorpen handiak» dira lan erreforma, aurrezki kutxena eta pentsioena. Merkatu ahalguztidunentzat «oso positiboa eta lasaigarria» da, Alemaniako kantzilleraren esanetan, erreformek sindikatuen eta patronalaren babesa izatea. Ukatu egin zuen Espainiak erreskatea behar duenik: «Espainia ondo doa, eta merkatuek badakite».
Baina Merkel ez zen losintxan bakarrik aritu. Madrilen ez zituen aipatu, baina aurreko egunetan etxeko lan gehiago jarri dizkie, batez ere Espainiari eta Europako periferiako herrialdeei. 750.000 milioi euroko erreskate funtsa handitzekotan, euroguneko herrialdeek zenbait neurri har ditzatela nahi du: erretiro adina atzeratzea; defizit publikoa legeen edo Konstituzioaren bidez mugatzea; soldatak eta pentsioak inflazioarekin parekatzeko klausulak kentzea; eta sozietate zerga igotzea, tasa ezberdinak parekatzeko.
Gaur bilera Bruselan
Merkelek parekatu egin nahi ditu herrialdeen zerga eta ekonomia politikak, eta lan kostuak, «lehiakorragoak izateko». Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak bat egin du Merkelen asmoekin. Europako gobernuburuek gaur aztertuko dituzte Merkelen proposamenak Bruselan, Europako Kontseiluaren bileran.
Merkelek ezabatu egin nahi ditu soldata berrikusteko klausulak, hau da, urte bateko inflazioa urte hasieran ezarritako soldata igoera baino handiagoa denean, soldatak inflazioarekin parekatzeko tresna, langileek erosteko ahalmenari eusteko. Produktibitatearen eta enpresen irabazien araberako igoerak nahi ditu.
Ondorioa agerikoa da. Iazko datuen arabera, iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan berritutako lan itunetan batez beste %1en bueltako soldata igoerak hitzartu zituzten, eta indarrean zeudenetan igoera %1,43koa zen; inflazioa, berriz, %2,8koa izan zen. Lan hitzarmen askotan ez dago biak parekatzeko klausularik, eta, dagoenetan, Merkelek kendu egin nahi du.
Proposamenak hautsak harrotu zituen. Valeriano Gomez Espainiako Lan ministroak inflazioaren araberako soldata igoerak babestu zituen. Hala ere, Gomezek sistema horren bertuteak nabarmentzeko kasu batzuetan langileek erosteko ahalmena galtzen dutela nabarmendu zuen. Lan ministroak gogorarazi zuen iaz Espainian soldatak batez beste %1,1 igo zirela eta, prezioak, aldiz, %3. Horrek enpresei galerak berreskuratzea ahalbidetu die, Gomezen esanetan.
Zapaterok ez zuen eztabaidan sartu nahi izan. Erabakia sindikatuek eta patronalak hartu behar dutela esan zuen, negoziazio kolektiboa aldatzeko prozesuan.
Zuhurtasuna eta kritikak
CEOEko arduradunek ezohiko zuhurtasunez hitz egin zuten. Arturo Fernandez Espainiako patronaleko lehen presidenteordeak esan zuen Alemaniako sistema Espainian aplikatzea «aldaketa oso erradikala» litzatekeela.
Proposamena baztertu egin dute Espainiako eta Alemaniako sindikatuek. Ignacio Fernandez Toxo CCOOko idazkari nagusiak eta Candido Mendez UGTkoak gaur egungo sistemaren alde egin zuten. Zehaztu zuten soldaten igoera hiru faktoreren arabera ezartzen dela: inflazioaren aurreikuspena, soldata berrikusteko klausula eta produktibitatea.
«Ezin da krisiaren biktimen kontra jo horrelako neurri batekin», esan zuen Michael Sommer Alemaniako Sindikatuen Konfederazioko (DGB) presidenteak, Madrilen. Gogor hitz egin zuen Merkelen kontra. Kantzillerra nahikoa ondo ezagutzen duela eta proposamena ez dela Merkelen benetako asmoa uste du: «Huts politiko handia litzateke».
Argi eta garbi hitz egin zuen Cayo Lara IUko koordinatzaile nagusiak: «Ondo deritzot Merkel bere bankuen interesak babestera etortzea, baina ez dezala eskua sar Espainiako gaietan, Espainia makurtuegia baitago zenbait botereren aldera».
Merkelek jarritako etxeko lanak: soldata igoera apalagoak
Alemaniako kantzillerrak txalotu egin ditu Espainiak onartutako erreformak, baina aldaketa gehiago nahi ditu EuropanSoldatak produktibitatearen arabera igotzea nahi du, ez prezioen garestitzearen arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu