Metaleko ituna lan erreformaren gainetik egotea proposatu du ELAk

Adegik esan du ezin zaiela mugarik jarri lan legediak enpresei ematen dizkien gaitasunei

Metaleko itunaren alde 2010ean egindako manifestazio bat. JON URBE / ARP.
Miren Garate.
Donostia
2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mugimenduak izan dira Gipuzkoako metaleko lan hitzarmenari buruzko zortzigarren bileran. Proposamen berria egin du ELAk: urtebeteko ituna nahi du, %3,9ko soldata igoera, eta lanaldia hamasei ordu murriztea. «Gutxieneko hitzarmena» litzatekeela dio, araudi izaerakoa, Gipuzkoako metaleko enpresa guztietan derrigorrean aplikatu beharrekoa. «Lan erreformak planteatzen dituen murrizketa gogorrak gelditu behar ditu».

Proposamena aztertuko duela agindu du Adegik. Hala ere, dagoeneko iragarri du probintzia mailako hitzarmenek ezin dietela mugarik jarri lan legediak enpresei ematen dizkien gaitasunei, «horretarako formula edozein izanda ere». Erantsi du zain geratuko dela gainerako sindikatuek euren proposamenak aurkeztu arte edo guztien artean proposamen bateratu bat egin arte. Oraingoz, aurreko bileran egindako planteamenduari eutsi dio patronalak. Soldatak izoztea, hitzarmenak iraungo duen bi urteetan lanaldia hamasei ordu luzatzea eta ituna lan erreforma berriaren arabera egokitzea nahi du patronalak, besteak beste, lan baldintzak aldatzeko aukera izateko eta espedienteak aplikatzeko administrazioaren baimenik ez behar izateko.

Sindikatu guztien arteko elkarlanaren premia nabarmendu dute CCOOk eta UGTk. «Elkar ulertzera kondenatuta gaude, lan erreformak ez dezan herrialdeko hitzarmena eraitsi», esan du CCOOk. Haren arabera, lanbide arteko akordioa izan daiteke hitzarmenak blindatzeko aukeretako bat. Ez du datarik zehaztu, baina zehaztu du datozen egunetan izango dela sindikatuen arteko bilera hori. UGTren arabera ere sindikatuen arteko batasuna «tresna baliotsua» da langileen interesak defendatzeko. Adegiri eskatu dio kontuan har dezala herritarrek grebaren bidez lan erreformari emandako erantzuna.

LAB ere bileran

LABek iragarri zuen greba orokorra pasatu arte negoziazio mahaietan ez zuela parte hartuko, eta lanuztea pasatutakoan proposamen berriekin itzuliko zela. Martxoaren 19ko bileran, aurrekoan, ez zen sindikatuko ordezkaririk izan, baina atzo bai. «Mahaira bueltatu gara, eta erreformaren ondorioak gainditzeko eta herrialdeko hitzarmenak blindatzeko proposamena aurkeztu dugu», esan du sindikatuak.Gaur emango ditu xehetasunak. Gipuzkoako metaleko mahaian ez ezik gainerako mahaietan ere oinarri berberak planteatuko dituela iragarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.