Aldeko zein kontrako erreakzioak eragin ditu epaiak. EAEko Justizia Auzitegi Nagusian helegitea jarriko dutela iragarri dute FVEM Bizkaiko Metalgintzako Enpresen Federazioak (Cebekeko kide) eta SEA Arabako patronalak.
Cebek Bizkaiko patronal nagusiaren izenean, Iñaki Garcinuñok onartu du epaitegiak lan erreformaren zenbait puntu auzitan jartzen ari direla. "Epaileek ez dute legegileak legea egitean buruan zuenarekin bat egiten", deitoratu du, Herri Irratiari eskainitako elkarrizketan.
Sindikatuek, berriz, garaipentzat jo dute. LABek positibotzat jo du epaia, eta patronalaren estrategiaren aurkako "zaplastekoa" direla ziurtatu du. "Epai hauek berriro ere agerian utzi dute FVEM eta SEA patronalen estrategia. Hauek, PPren lan erreformak sortutako uztailaren 7ko amildegiaz eta mehatxuaz baliatu nahi izan zuten, lan eskubideen galera zein lan erreforma aitortuko dituen hitzarmenak lortu ahal izateko".
UGTk ere txalotu ditu epaiak, bere iritziz, hitzarmenak sinatzeko estrategia balekoa izan zela egiaztatzen dutelako.
Berez, orain Gasteizko eta Bilboko epaileek ontzat jotako bi itunak CCOOren eta UGTren sinadurekin soilik egin zuten aurrera, ELA eta LAB haien aurka zeudelako. Bi sindikatu horiek gabe hitzarmenak eragin mugatukoak dira, hau da, ez dira derrigorrez ezarri beharrekoak. Derrigortasun eza hori izan da, hain zuzen ere, hitzarmenen ultraaktibitatea (epa agortu ondorengo iraupena) bermatzen diena, epaileen iritziz.
Egoera desberdina da Gipuzkoan, hango metalgintzako azken itunak ELAren babesa izan zuelako eta, hortaz, ordezkaritza sindikalen gehiengoa sinatutakoa baita. 2013ko abenduan kaleratutako epaian, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez zuen argitu lurralde horretako ituna indarrean ote zegoen.