LABen esanetan, Adegiren proposamenak ez zituen sindikatuak konbentzitu, eta negoziazioak bertan behera ez geratzearren, oinarrizko hiru puntutan zentratzea erabaki zuten: soldatak, hitzarmenaren iraupena eta lanaldiaren murrizketa. LABek nabarmendu zuen Adegik jarrera aldatu zuela, eta negoziazioko puntu guztiei buruz «hutsetik negoziatzen hasteko prestutasuna izan duela». ELAk ere aipatu zuen Adegik neurri batean proposamen batzuk aldatu zituela, baina zehaztasunik gabe. Eta, gaurkoaren zain, ez dagoela negoziazioa irauliko lukeen proposamenik.
Baibatak zein besteak hasierako eskaerak apaldu dituzte, benetan negoziatzen hasi ahal izateko. ELAk eta LABek presa zuten atzo, berez gaur bertan hastekoak baitira batzarrak metaleko enpresetan, bi sindikatuek deitutako bederatzi greba egunekin bat egin edo ez erabakitzeko. ELAk eta LABek bederatzi greba egun antolatu baitituzte, negoziazioek aurrera egingo ez balute. Gaurko bileraren ostean erabakiko dute greba egun horiei eutsi edo ez.
Goizean ez ziren gustura. ELArentzat proposamen berria «negatiboa» zen; LABentzat«probokazioa»; CCOOrentzat ez zen nahikoa; eta UGTk negoziazioa atzo hasi balitz moduan jokatzea leporatu zion Adegiri.
Ultraktibitateari uko
Iragan asteartean ELAk eta LABek zenbait eskaera apaldu zituzten, eta bilera deitu zuten atzorako, aurtengo hamahirugarrena. Atzo Adegiri zegokion fitxa mugitzea, eta egin zuen. Uko egin dio orain arteko bileretan negoziaziorako oztopo gaindiezina izan den puntuari, ultraktibitateari: hau da, lan hitzarmen berriaren negoziazioa aurrekoan hitzartutakoa aintzat hartu gabe hastea, ia hutsetik.
Horrez gain, langileen antzinatasuna eta eskubide sindikalak errespetatzea onartu zuen. Hasierako proposamenaren arabera, antzinatasuna kendu egin nahi zuen eta eskubide sindikalak berriro negoziatu.
Adegik ultraktibitateari uko egin dio, baina malgutasuna nahi du datozen urteetarako, enpresak lehiakorragoak izateko: «Merkatuaren premiak gero eta aldakorragoak dira eta lehiakortasuna,neurri handi batean, premia horiei egokitzeko gaitasunaren mende dago».
Gipuzkoako patronalak malgutasuna nahi du, malgutasuna kontratuetan, egutegian, lan orduetan, lan baldintzetan eta prestutasun orduetan. Enpresek beren premien arabera langileen ordutegiak eta lan egunak aldatu ahal izatea nahi du, «beti ere legeak ezarritako atsedena errespetatuz». 55 orduko poltsa bat eskatu du langile bakoitzeko, enpresaren antolaketa eta produkzio premiei erantzuteko. Kontratuei dagokienez, pizgarrien bidez lanaldi partzialeko kontratu mugagabeak bultzatu nahi ditu enpresetan.
Adegik ez dio uko egin langileek urtean ordu gehiago lan egiteko eskaerari. Urtean hamaika ordu gehiago lan egitea nahi du, «Espainiako hitzarmenen batez bestekora hurbiltzeko asmoz». Gipuzkoan baino 58 ordu gehiago, Adegiren esanetan.
Eskaerak
Adegi: Bi urterako lan hitzarmena; urtean hamaika ordu gehiagoz lan egitea; enpresarioek aldaketak egiteko aukera (kontratuetan, egutegian, ordutegietan, lan baldintzetan...); 22 orduko malgutasuna; eta soldatak izoztea.ELA-LAB: Bi urterako lan hitzarmena; urtean zortzi ordu gutxiagoz lan egitea; eta KPI + %1,5eko soldata igoera.