Hainbatetan plaza beretik zabaldutako mezuari eutsi dio Jose Luis Lopez Gil-ek, FVEMeko presidenteak: Bizkaiko metalgintzako ituna negoziatzeko eskua luzatu die sindikatuei. Zazpi hilabete dira azkenekoz mahai baten bueltan eseri zirenetik, hau da, irailaren 18tik; ordukoan LAB izan zen lehena negoziazio mahaitik altxatzen, FVEMek eztabaida «blokeatuta» zeukala esanda. Hauteskunde sindikalak igaro dira, eta berriz ere esertzeko deia egin die sindikatuei. Baina ez die horretarako proposamen erakargarririk egin. Izan ere, eskain dezaketen bakarra «soldata igoera moderatuak» direla ziurtatu du Lopez Gilek. Igoera hori zehazki zenbatekoa izango den ez du argitu nahi izan.
Soldata igoerak bakarrik ez, lanaldi egonkorraren aldeko mezuak ere egin ditu FVEMeko presidenteak. Hain zuzen, patronal baten ahotik prekaritatearen aurka gutxitan entzuten diren adierazpenak egin ditu: «Guri ere ez zaigu prekaritatea gustatzen». Adierazpen borobila egin du Lopez Gilek, baina kontrapuntua ere jarri dio baieztapenari. Haren esanetan, metaleko enpresek lortzen dituzten kontratuak ere prekarioak izan ohi dira, «ez dira betiko izaten». Prekarietate batek beste prekarietate bat eragiten duela, hain zuzen ere. Ondoren iritsi da egindako adierazpenen azalpena: «Nahiko genuke prekarietatea behin betiko desagertuko balitz, baina, horretarako, konfiantza behar dugu, eta ezegonkortasunik ez egotea merkatuan». Horregatik, dei berezia egin nahi izan die sindikatu guztiei.
Sektorea egonkortzen ez, baina sendotzen ari da behintzat. Urteetan behera egin ondoren, iaz %1,7 hazi zen Bizkaiko metalgintza. Baina hazkunde hori ez zen enplegurik sortzeko behar adinakoa izan. Are gehiago, 900 langile gutxiago zeuden 2014. urtearen amaieran. Une honetan 45.000 pertsona daude metalaren sektorean beharrean. 2015a ere ildo beretik hasi da, eta jada %1,5 igo da negozioa lehen hilabeteetan, baina langile gehiago kontratatzeko behar adinako igoerarik ez.
Urtea amaitzerako, ordea, enplegua sortuko dela espero du FVEMek. Urtea amaitzerako 500 eta 1.000 lanpostu artean sortzea espero zutela esan zuten urtarrilean. Lau hilabete joan dira orduz geroztik, eta ia bat bera ere eratu ez dela aitortuta ere, aurrerarantzean sortuko direla iragarri dute. Prekarietatea gogoko ez duen arren, kalitateari dagokionez Lopezek ez du ezer ziurtatu nahi izan.
Metaleko patronala Bizkaiko ituna negoziatzeko prest dago, zazpi hilabete ondoren
Soldata igoera «moderatuak» soilik onartu ahalko dituela zehaztu du FVEMek.Sektorea 2014. urtean %1,7 hazi zen arren, 900 lanpostu galdu ziren

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu