Metalgintzako lan itunak sinatu dituzte Araban eta Bizkaian

CCOO, UGT eta patronalek %2tik gorako soldata igoerak hitzartu dituzte 90.000 langilerentzat

Donostia
2010eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Lau urte igaro eta gero, Arabako eta Bizkaiko metalgintza sektoreetako lan itunak sinatu dituzte UGT eta CCOO sindikatuek bi herrialdeetako enpresaburuen elkarteekin. Besteak beste, 95.000 langilerentzat %2tik gorako soldata igoerak hitzartu dituzte aurtengo. Sindikatuek arrakastatsutzat jo dute lortutakoa, igoera Kontsumo Prezioen Indizea baino handiagoa izanik metalgintzako langileen erosteko ahalmena handitu egingo delako.

Dena dela, ez dute itun bera sinatu bi herrialdeetarako. Bizkaikoak hiru urteko iraupena izango du, 2008tik 2011ra artekoa, eta metalgintzan aritzen diren 70.000 langileentzat %2,25eko soldata igoera zehazten du aurtengo, KPI gehi %1,25 hain justu. «Kontuan izanik KPIk urtea %0,8an bukatu zuela, %1,45 handituko da langileen erosahalmena, hau da, KPIren %280 adina», adierazi du CCOOk prentsa ohar batean. 2009rako ezarri duten gutxieneko soldata 16.323,52 eurokoa da mailarik apalenean.

Araban, berriz, 2007tik 2010era arteko iraupena izango du itunak, eta 25.000 langilerentzat %2,15eko soldata igoera jasotzen du, KPI gehi %1,15 hain zuzen. «Iazko inflazioa baino %1,35 gehiago handituko da langileen erosahalmena, KPIren %270 adina», zehaztu du CCOOk. 2009rako ezarri duten gutxieneko soldata 16.436,78 eurokoa da peoientzat. Bi herrialdeetako langile guztiek onartu dituzte hitzarmenak, inor ez baita itunera ez atxikitzeko eskubideaz baliatu.

Kiroldegietako langileak

Gipuzkoako kiroldegietan azpikontratatuta aritzen diren 1.500 langilek ere badute lan ituna. Atzo arratsaldean sinatu zuten ELAk eta patronalak. Sindikatuaren esanetan, hobekuntza ugari ekarriko dizkie langileei.

Itunak dioenez, aurrerantzean maila bat gorago egongo dira langile guztiak. Ondorioz, urtean 3.000 euro gehiago irabaziko dituzte, eta 4.300 euro gehiago sorosleek. Gainera, lau urteko epean 35 ordura murriztuko zaie asteko lanaldia. Eta begirale edo kirol teknikari gisa aritzeko, ezinbestekoa izango da titulu ofizialen baten jabe izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.