Lan harremanak

Metalgintzako mahaiak utzi ditu LABek

"Benetako negoziaziorik" ez dagoela salatu du sindikatuak, eta patronalari egotzi dio errua.

Iker Aranburu.
2014ko irailaren 24a
12:49
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako metalgintzako lan hitzarmenen indarraldia iazko uztailean amaitu zen, Espainiako lan merkatuaren erreformak ultraaktibitateari jarritako urtebeteko muga bete zenean. Akordio ezak eten egin zituen itun horiek berritzeko negoziaketak hainbat hilabetez, baina aurten berriro bildu dira negoziazio mahaiak. Akordiorako urratsik, ordea, ez dute eman. "Antzerki hutsa da", salatu du gaur Jon Ander Goñi LABeko Industria Federazioko negoziazio kolektiboko arduradunak.

Haren arabera, patronalek ez dute "benetako" negoziaziorik egiten. "Negoziatzeko prest dauden bakarra da zenbat ordutako malgutasuna onartzeko prest gauden, zein eskubide kenduko diguten; azken finean, nahi dute guk erabakitzea zein eskubide galdu nahi dugun". 

LABek uste duenez, Cebekek Bizkaian eta SEAk Araban "gero proposamen atzerakoiagoak" aurkezten dituzte. Gipuzkoan, berriz, "Adegi ez da negoziatzera ere eseritzen". 

Gauzak horrela, LABek erabaki du hiru lurraldeetako negoziazio mahaiak uztea, "benetako negoziazioa izan arte".

Beste hiru sindikatu nagusien jarrerarekin ez da gustura LAB, Goñiren arabera "ez baitiete patronalari aurre egin nahi". Gainera, salatu du lan bateratua egiteko egin dituen proposamenei ezezkoa eman dietela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.