ELAk dio gizarteak duen «metatutako ondoeza» islatu behar duela irailaren 26rako deitutako greba orokorrak. Haren esanetan, era horretan behartuko dute politika egin nahi ez duena egitera. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak azaldu du ez dagoela arrazoirik axolagabetasunerako eta beldurrak geldiarazteko. Izan ere, dio «jokoan dagoenaren adinako erantzuna» eman behar zaiela egiten ari diren erreformei eta murrizketei.
Erreformak salatzeko asmoz, mobilizatzeko deia egin dio «egiazko gizarteari»; talde horretatik kanpo utzi ditu bankuak eta enpresa handiak. Izan ere, adierazi du horiek direla onartzen ari diren neurrien «onuradun bakarrak». Hori dela eta, uste du greba orokorra dela bide bakarra «inposatzen» ari diren «txikizio soziala» eragozteko.
Espainiako Gobernuak onartutako erreformei erantzun bateratu bat emateko asmoz deitu dute ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek eta 50 eragile sozial inguruk greba orokorra. UGT eta CCOO sindikatuek ez dute baztertu greba horrekin bat egitea.
ELAren irudiko, Espainiako Gobernuak «aukerakoa» du abuztua erreforma eta murrizketa gehiago egiteko. Horren adibidetzat jarri du Muñozek iaz administrazio publikoei defizita mugatzeko egindako Espainiako Konstituzioaren aldaketa. Haren esanetan, PPk eta PSOEk adostutako aldaketa horren bidez, aurrekontu publikoen lehentasuna da zorrarekin espekulatzen dutenei lehenengo ordaintzea.
Gainera, adierazi du egun Espainiako Gobernua onartzen ari den neurri guztiak konstituzioaren erreforma horretatik datozela. Hala, dio «astakeria» galanta dela datozen bi urteetan 100.000 milioi euro murriztea, Espainiako Gobernuak joan den ostiralean iragarri bezala.
Politikaren «itxurakeria»
Politikan «itxurakeria» nabari dela dio Muñozek. Izan ere, iritzi dio onartezina dela Euskal Herriko alderdi politikoek erantzukizun instituzionalik ez duten eremuetan foru baimena eskatzea, eta haiek agintea duten erakundeetan Espainiako Gobernuak onartutako neurriak indarrean jartzea.
Horregatik, uste du aukera aparta dela «hain larria» den egoera batean politika sozialak aldarrikatzeko, eta autogobernua «egiazko edukiz» hornitzeko. Horrek guztiak borondate politikoa eta sinesgarritasuna eskatzen dituela gaineratu du. Hori bai, Muñozen hitzetan, ez betetzeak ematen du sinesgarritasuna egun.
Ildo beretik, adierazi du alderdi politikoak hartzen ari diren neurriek langabeziara eta pobrezia handiagora daramatzala herritarrak, eta hori jakinik, ez dutela erakusten desberdintasunik ekimen politikoan. Hori itxurazko borroka ideologikoa delakoan dago, eta dio alderdi politikoek «politika alternatiboa» egitea ukatu dutela; salatu du horrek alderdi bakarra uzten duela politika bakarra egiteko estatuan.
Grezia adibide
Muñozek dio Greziari begiratu besterik ez dagoela ikusteko alderdi politikoen eta gobernuaren arteko akordioek zein helburu duten. Hala, azaldu du egun Moncloako Itun berriak eskatzeak gehien sufritzen dutenei iruzur egingo liekeela. Espainiako trantsizio garaian sinatu zituzten Espainiako Gobernuak eta alderdi politikoek Moncloako Itunak, garai hartako egoera ekonomikoari aurre egiteko.
Era horretako itunak sinatzeak, haren esanetan, PPk krisi kudeatzeko dituen parametroak onartzen dituzten alderdien korporazio blindatzea izango lukete helburu.
«Metatutako ondoeza» greba orokorrean islatu asmo du ELAk
Bankuei eta enpresa handiei izan ezik, mobilizatzeko deia egin die gainerako herritarrei, «txikizio soziala» eragoztekoEsan du Espainiako Gobernuak «aukerakoa» duela abuztua murrizketa gehiago egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu