Cecype Mexikoko konpainia Arabako teknologia parkean kokatuko da, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak atzo iragarritakoaren arabera. Atzerriko inbertsioa erakartzeko helburuarekin gobernuak SPRI elkarte publikoaren barruan sortu duen atalaren aurkezpenean jakinarazi zuen albistea Lopezek.
Bioteknologia alorrean aritzen da Cecype. Hiru urteren buruan Miñaoko zentroan 30 lanpostu sortzea espero du. Kokapena errazteko negoziazioak joan den urtean hasi zituen SPRIk, baina dagoeneko Mexikoko konpainia EAEko zientzia eta teknologia sareko kideekin elkarlanean ari dela azpimarratu dute. Botika eta farmazia industrientzako azterketak egingo ditu Araban.
SPRIren atal berriak Invest in the Basque Country (Inbertitu Euskal Herrian) izena hartuko du. Helburu nagusia atzerriko inbertsioak erakartzea izango da, eta horretarako politika «aktiboa eta sistematikoa» egingo duela ziurtatu dute. Halaber, dagoeneko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden atzerriko 400 enpresei arreta eskainiko die, eta negozioa hedatzen lagunduko die.
Hutsune bat betetzeko
Lopezen ustez, ekimen berriak atzerriko inbertsio zuzenak ez ezik, kanpoko talentua ere erakarriko du, eta hemen daudenei kalitatezko zerbitzua emango die. «Geneukan hutsune bat beteko du, eta EAE mundura zabaltzen nahiz mundua EAEra ekartzen lagunduko digu».
Mexikoko enpresa baten inbertsioa iragarri du Lopez lehendakariak
Atzerriko konpainiak EAEra erakartzeko SPRIren barruan sortu duen atala aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu