Michelingo zuzendaritzak eta CCOO eta UGT sindikatuek akordioa egin dute, bi sindikatu horiek batik bat Aranda de Duero eta Valladolideko plantetan (Espainia) duten indarraren alferra pasatuta. Akordioak, ordea, Gasteiz eta Lasarteko lantegietan ere eragina izango du. Lau plantetako 7.500 langileei eragingo die datozen urteotan, finean.
Akordio horri esker lantaldeari eusten diola esan dute CCOOk eta UGTk, ez dela kaleratzerik izango alegia; trukean, ordea, lanaldian malgutasun neurriak onartu dituzte, zuzendaritzak proposatutako «sistema aldakor berria».
«Lasarteko lantegiaren errealitatea ez da errespetatu», esan zion BERRIA-ri atzo, Jon Martin LABeko ordezkariak. 9 ordezkari dituzte CCOOk eta UGTk, Arandan eta Valladoliden duten indarrari esker. Euskal Herriko errealitatea bestea da, ordea. LAB, ELA, ESK eta CGTk ez dute akordioa sinatu, izan ere. «Lasarten, langileen batzarra egin genuen astelehenean, eta argi geratu zen akordio hori baztertzen zela». Gasteizen ere batzarra egitekoak ziren, «baina CCOOk eta UGTk oztopatu egiten dute». Azkenean batzarra egin aurretik sinatu dute akordioa, «itxaroteko eskatu zitzaien arren».
«Dosier partikularrak»
Zuzendaritzaren sistema aldakor berriak langileen gainsariak ezabatu edota nabarmen txikituko ditu. Okerrena, baina, barne antolaketan nozituko dute langileek. «Edozein momentuan langile bat 15 egun etxera bidaltzeko aukera izango dute aurrerantzean, soldataren %20rekin». Sistema aldakorraren «adibide bat baino ez da», Martinen esanetan. «Erregulazio dosier partikularrak egiteko bidea onartu dute CCOOk eta UGTk».
Kaleratzeen mehatxua hor zen, ordea. Gasteizko 3.500 langileetatik ehun kaleratzea aukera bat zela zabaldu zen orain egun batzuk. Lau plantetan 300 behargin kaleratzea jasotzen zuen zuzendaritzaren berregituraketak, sindikatuen arabera. Lasarteko plantan (550 langile) eragina izango ote zuen ez da ezaguna, baina enpresak aspaldian zehaztu zuen 30 langileren soberakina zuela han.
Kaleratze zuzenik ez da izango, beraz, atzo sinatutako akordioaren arabera, baina barne antolaketa «nahi erara» egiteko aukera izango du zuzendaritzak aurrerantzean. Urtean 354 egunetan irekitzea izango du, adibidez, eta beharren arabera deituko ditu beharginak, nahi duen maiztasunarekin eta ordutegiekin.
Michelinek «nahi erako malgutasuna» izatea sinatu dute CCOOk eta UGTk
Enpresak lantaldeari eutsiko diola agindu die trukean; ELA, LAB eta ESK gogor salatu dute oinarri akordioa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu