Greziako Gobernuak eta troikak (Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsa) gaur lortutako akordioaren arabera, Atenasko agintariek 4.000 langile publiko kalera botako dituzte aurten, beste 11.000 datorren urtean eta 25.000 "erreserbara" pasatuko dituzte. Iannis Sturnaras Finantza ministroak nabarmendu du erretiro aurreratuak emango dizkietela langile batzuei, desagertu diren enpresa publikoetako lanpostuak ezabatuko dituztela eta lana gaizki egin duten funtzionarioen ordez "gazteak eta talentudunak" kontratatuko dituztela.
Gainera, ekonomia liberalizatzeko urratsak hartu beharko ditu, garraioetan eta merkataritzan batik bat. Pribatizazio gehiago egin beharko ditu Greziak, eta argindar sektorea erreformatu. Behingoz, neurri sozialagoak ere aipatzen ditu memorandumak: langabeak trebatzeko programak izango dira, lana galdu dutenei osasun arreta bermatuko zaie eta langabezia laguntzak (%27tik gora daude lanik gabe) luzatuko dituzte.NDFko Poul Thomsenek onartu du orain arte troikaren programetan "gehiegizko" arreta eman dietela soldaten eta pentsioen jaitsierari eta zergen igoerari. "Ez da bidezkoa izan", ziurtatu du, batik bat prezioak jaisteko beste neurririk ez delako hartu. Horregatik, aurrerantzean akordio "orekatuagoak" agindu ditu.
Zerga kontuetan ere izango da aldaketarik. Batetik, iaz etxebizitzen jabetzari ezarritako zerga berezia higiezinen inguruko gainontzeko zergekin bateratuko dute eta ez dute aurrerantzean argindar tasekin batera kobratuko. Zerga bilketa hobetzeko eta zerga iruzur oso hedatuari aurre egiteko, autonomia handiagoa emango diote Ogasunari, eta politikoen esku-hartzea txikituko dute.
Akordioaren ondoren, troikak eskatuko die euroguneko gobernuei Greziari 8.800 milioi uztea: martxotik atzeratutako 2.800 milioi, eta maiatzean eman beharreko 6.000 milioi. Diru hori Greziara iristen denean bi erreskatetan hitz emandako 240.000 milioi euroetatik 185.000 milioi jada izango dira Atenasko agintarien esku. "Denbora gutxi barru, Greziak ez du memorandumen beharrik izango", aldarrikatu du Andonis Samaras Greziako lehen ministroak. Erreforma gehienak abian dituela aldarrikatu du.