40.000, 50.000, 80.000, 100.000, 112.000... Milaka milioi euroak dira. Espainiako bankuek behar duten dirua, hainbat iturriren kalkuluen arabera. Aldea nabarmena da. Are gehiago aintzat hartuta era batera edo bestera jasota ere diru publikoa izango dela eta dirua bueltatu beharko dela.
Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) astelehenean jakinaraziko du bere txostenaren emaitza. Hila amaitu baino lehen egingo dute Alemaniako Roland Berger eta AEBetako Oliver Wyman aholkularitza enpresek, Espainiako Gobernuak eskatuta.
Reutersen arabera, NDFk dio Espainiako bankuek 40.000 milioi euro behar dituztela. Berez, NDFk ondorioztatu du bankuek 90.000 milioi euro behar dituztela, baina banku sendoenek beren kabuz aurre egin ahal izango diotela diru premiari. Emilio Botin Santander bankuko presidenteak ere NDFren pareko kopurua aipatu zuen.
Antzeko azterketa egin du Standard & Poor's (S&P) kalifikazio agentziak. S&Pk dio bankuek 80.000-112.000 milioi euro behar dituztela aurtengo eta datorren urteko zuloak berdintzeko; baina bankuek beren kabuz lor dezaketen dirua kenduta, 20.000-52.000 milioi eurokoak izango dira galerak.
Fitch kalifikazio agentziarentzat 50.000-60.000 milioi euro izango dira, baina egoera okertzen bada 90.000-100.000 artean. Azkeneko aurreikuspenean esan zuen 30.000 milioi euro izango zirela. Fitchek hiru koska jaitsi zuen atzo Espainiaren luzera begirako zorraren kalifikazioa, Atik BBBra.
Goitik jo dute Financial Times-ek eta Europako Alderdi Popularrak (EPP). Ekonomia egunkariak 80.000 milioi euroko kopurua aipatu du, Europako Batasuneko iturrietan oinarrituta. 80.000-100.000 milioi euro artekoa Antonio Lopez-Isturitz EPPko idazkari nagusi, atzo goizean. Lopez-Isturitz iruñarra da. Arratsaldean atzera egin zuen, eta kopururik zehatzik ez daukatela onartu zuen: «Kopuru asko kaleratzen ari dira egunotan». Lopez-Isturitz Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroarekin bildu zen herenegun.
Gehienak diru premian
Duela egun batzuk NDFk zehaztu zuen Espainiako hiru bankutik bi ondo daudela.Fitch eta S&P ez dira hain baikorrak. Bi kalifikazio agentziek esan dute Santanderrek, BBVAk eta Caixabankek, salbu, gainerako finantza erakunde guztiek laguntza jaso beharko dutela maileguen balioaren galerari aurre egiteko.
Catalunyacaixa eta Novagalicia nazionalizatuta daude, baina diru gehiago beharko dute, 4.500 milioi euro gehiago bakoitzak. Espainiako Gobernuaren asmoa bi banku horiek enkantean saltzea da (Kutxabank da Catalunyacaixaren balizko erosleetako bat). Orain arte estatuak2.465 milioi euro eman dizkio Novagaliciari eta 2.968 milioi euro Catalunyacaixari.
Balizko erreskatearen zenbaki dantza ikusita, Europako Batzordeak erreakzionatu egin zuen. Amadeu Altafaj Ekonomia Gaietarako bozeramailearentzat «arduragabea» eta «zentzugabea»da 40.000 eta 80.000 milioi euro arteko kopuruak aipatzea: «Ezin da egon 40.000 milioi euroko aldea, ez da serioa».
Espainiak ez dauka dirua eta ezin du bere kabuz lortu. Europaren laguntza behar du, erreskate baten bidez, erreskate izenarekin edo erreskate izenik gabe, baldintza gehiagorekin edo gutxiagorekin.
Zor merkatuak ez dauzka itxita, baina garesti ateratzen zaio zor merkatuetara jotzen duen bakoitzean. 2.074 milioi euro jaulki zituen atzo, hiru, bost eta hamar urterako zor bonuetan. Hiru eta bost urterako zor bonuen truke %4,484ko eta %5,443ko interesa eskaini behar izan zuen, hurrenez hurren, aurreko enkanteetan baino puntu bat gehiago. Hamar urterako bonuen truke %6,121ekoa, aurtengo garestiena.
Alde ederra dago Frantziarekin alderatuta. Frantziak 7.836 milioi euroko zorra jaulki zuen atzo. Hamar urterako zor bonuen truke %2,46ko interesa ordaindu zuen, iazko maiatzean baino puntu erdi bat gutxiago.
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak atzo ez zuen ez baieztatu, ez ukatu, herenegun zabaldu zen aukera: Europako erreskate funtsek dirua Espainiako FROB funtsari ematea, eta FROBek finantza erakundeei.
Milaka milioi euro gorabehera
40.000 eta 120.000 milioi euro arteko erreskatea aipatzen ari dira Espainiako finantza erakundeentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu