Nazioartekotza

Milanen bulegoa irekiko du Jaurlaritzak kanpo sarea sustatzeko

2017-2020 Enpresa Naziortekotzeko Planak 94 milioi euroko aurrekontua izango du.

Alexander Arriola SPRIko zuzendaria, Javier Zarraonandia Industria sailburuordea, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapenerako kontseilaria eta Ainhoa Ondarzabal Nazioartekotzeko zuzendaria. JAURLARITZA
joxerra senar
2018ko otsailaren 8a
09:17
Entzun

Gaur egun, Jaurlaritzak hamasei bulego dauzka irekita munduan euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko asmoz. Ekainean hamazazpigarrena irekiko du, Milanen. Italia merkatu interesgarria da, zenbait sektoretan "sinergietarako aukerak" ematen dituelako Jaurlaritzaren arabera. Gaur egun, herrialdean 37 enpresa daude finkatuta, baina etorkizunean gehiago izatea espero du Jaurlaritzak.

Gaur goizean, 2017-2020 Naziortekotzeko Plana aurkeztu du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak. Aurreko hiru urteko planaren helburu nagusia krisi ekonomikoaren zailtasunei irtenbideak emateko tresna eskaintzea bazen, oraingo honek, besteak beste, kanpo sarearen laguntza zerbitzuak, finantza tresnak, ekimenak eta baliabideak sendotzea bilatuko du.

Plan estrategiko ekonomiko orokorraren barnean, nazioartekotzea ardatz nagusietako bat da, eta azken urteetan emaitzak eman ditu, Tapiaren arabera. Azken lau urteetan esportatzen duten enpresen bolumena %16 handitu da, eta, neurri berean, 50 milioi eurotik gora esportatzen duten enpresen salerosketa ere %18 handitu da.

Herrialde interesgarriak

Mundu mailako merkatuaren analisia egin du Jaurlaritzak, eta euskal enpresentzat interesgarriak diren herrialde eta eskualdeak sailkatu ditu. Lehentasun handiko merkatutzat jo ditu Alemania, Italia eta Erresuma Batua Europako Batasunean, eta Europatik at, Txina, Mexiko zein Estatu Batuak. Bigarren mailako lehentasuna dute Frantziak, Brasilek, Errusiak, Kolonbiak eta Indiak. Azkenik, aztertu beharreko eremu gisa ikusten ditu Ekialde Ertaina, Maroko, Japon, Iran, Hego Korea eta Asia hego-ekialdeko hainbat herrialde (Singapur, Malaysia, Thailandia, Indonesia).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.