Milei, korporazio handien lagun eta soldaten etsai

Argentinako presidente Javier Mileik iragarri du inoiz ez bezala desarautuko duela herrialdeko ekonomia. Indarrik gabe utziko ditu gizarte eta lan eskubideei buruzko 300 bat lege.

Javier Milei Argentinako presidentea. EFE
Javier Milei, Argentinako presidente kargua hartu zuen egunean, abenduaren 10ean. JUAN IGNACIO RONCONI / EFE
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2024ko urtarrilaren 7a
05:00
Entzun

Argentinan agintera iritsi eta 48 ordura, Javier Mileiren gobernuak %54,3ko debaluazioa ezarri zuen, inoizko handienetako bat, eta horrek beste goraldi bat ekarri dio inflazioari. Urtetik urterako inflazioa %200 eta pobrezia indizea %45 den herrialde hartan, inflazioaren gorakada horrek errematea emango die soldatei, eta jota utziko ditu baliabide ertain eta apalak dituzten sektoreak.

Sektore informalak eta enpresa ertain eta txikiak daude kaltetuenen artean. «Milei etorri denetik, errekara goaz zuzenean: supermerkatura joan, eta, lehengo diru berarekin, duela hilabete erosten nuen guztiaren erdia baino gutxiago erosten dut», kontatu du Monicak (32 urte); etxeak garbitzen ditu, orduka, eta arropa saltzeko postu bat du feria batean. «Itxi egin beharko dut arropa saltzeko postua; dena ikaragarri garestitu denez, aurtengo jaietarako ez dut saldu beste urte batzuetan saldutakoaren %30 ere. Ferian hamasei urtean ibilitako andre batek utzi behar izan du, eta hori zuen diru iturri bakarra. Jendea beldurrez dago; janaria erosten gastatzen du daukan gutxia, eta pixka bat gordetzen du, esana baitute asko garestituko direla garraioa, argindarra eta gasa».

«Jendea beldurrez dago; janaria erosten gastatzen du daukan gutxia, eta pixka bat gordetzen du, esana baitute asko garestituko direla garraioa, argindarra eta gasa».

MONICA Garbitzailea eta arropa saltzailea (32 urte)

Monicak bi haur ditu, eta, kontatu duenez, antzera dabiltza auzoko eta lanbideko kide asko. Boliviara joatekoa zen otsailean, familiarekin egotera, baina ez du horretarako modurik izango. «Den-dena airean dago, eta ez joatea erabaki dugu; senarra aldi baterako lanetan ibiltzen denez, beldur gara itzultzean ez ote den lanik gabe geratuko».

javier milei
Manifestari batzuk, janaria banatzen, Mileiren aurkako protesta batean. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE

Bai Premiaren eta Larrialdiaren Dekretua, bai Omnibus Legearen neurri sorta, Kongresuak aztertu beharko ditu, ezohiko batzar batzuetan. Ganberek urtarrilaren 31 arteko epea dute onartu ala arbuiatzeko. Onartuz gero, neurri horiek erreformak ekarriko dituzte ia arlo guztietan, eta mesede egingo diete korporazio ekonomiko handiei, haien beharretara egokitu baitituzte, eta ez jende xehearen poltsikoetara.

«Bertan behera utzi dut oporrak hartzeko asmoa [Argentinan uda da orain]; gehienez ere, astebururen batean joango naiz norabait»

CARLOS Irakaslea (48 urte)

Carlos (48 urte) irakaslea da, eta egunetik egunera gutxiago irabazten du. «Bigarren mailako marken bila ibiltzen naiz supermerkatuan, eta uste dut handizkarien saltokietara joaten hasi beharko dudala berriz. Eta pentsatzen ari naiz zer streaming zerbitzu izateari utziko diodan», azaldu du. «Bertan behera utzi dut oporrak hartzeko asmoa [Argentinan uda da orain]; gehienez ere, astebururen batean joango naiz norabait».

Ekimen pribatua

Legeak 664 artikulu ditu, eta, besteak beste, larrialdi publikoa ezarriko du 2025era arte; «pribatizatzeko moduko» izendatuko ditu estatuaren 41 enpresa; bertan behera utziko du erretiroak eguneratzeko eta dekretuz igoerak aplikatzeko formula; eta tresnak jasotzen ditu kapitala zuritzeko. Testu horren bidez, botere legegile ia osoa ematen zaio botere eragileari.

«Hiru ginen tailer honetan, eta orain nik egiten dut guztia», kontatu du Rodrigo auto mekanikariak (45 urte). «Batere lanik gabe geratu gara, jendea gaizki baitabil diruz, eta ordezko piezak gero eta garestiagoak baitira. Nahiago nuke gauzak hobera egingo duen esperantza banu, baina ez dut uste hala izango denik. Autoa hondatu arte, jendeak ez du ekartzen tailerrera, ez dio mantentze lanik egiten, eta dendak itxita daude, prezioak noiz normalduko zain».

«Batere lanik gabe geratu gara, jendea gaizki baitabil diruz (...) Dendak itxita daude, prezioak noiz normalduko zain».

RODRIGO Mekanikaria (45 urte)

Mileiren egitasmoak ekimen pribatua sustatzen du; mugak jartzen dizkio «estatuaren esku hartze orori, ezinbestekoa ez bada», eta ezabatu egiten ditu kontrol mekanismoak, monopolioen kontrako legedia, eta interes gatazkarik ez sortzeko tresna guztiak. Techint izango da neurri horien onuradunetako bat; hain zuzen, enpresa siderurgiko horretako goi kargudun batzuk YPFra joanak dira lehendik.

Hona hemen erreformei probetxu handia aterako dieten beste enpresa batzuk: Tecpetrol, Corporacion America —Mileik han lan egin zuen hamahiru urtean—, Werthein taldea eta IRSA, eta Arcor, Blaquier eta Molinos —janariaren sektorean—, eta Carrefour, Disco eta Jumbo supermerkatuak.

JAVIER MILEI
Mileiren jarraitzaile bat, inbestidura saioko mobilizazioetan. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE

Komunikabideei dagokienez, Clarín-ek are gehiago sendotuko du bere nagusitasuna, baina badu arriskurik ere: kanpoko enpresek zabal-zabalik izango dute bidea aurrerantzean. Alde horretatik, Mileik esana du Elon Musk erakarri nahi duela negozioak jar ditzan Argentinan, eta hango merkatuetan sar dadin telekomunikazioen, auto elektrikoen eta litioaren sektoreetan.

Gainera, Lurren Legea indargabetuta, atzerriko enpresei are errazagoa izango zaie lurrak erostea. Lege berria, enpresa handien neurrian egina izateaz gain, enpresa horiek idatzia da; esaterako, enpresa zuzenbidearen alorreko bulegorik handienetako batek ondu ditu arau horietako batzuk: Bruchou & Funes de Rioja abokatu bulegoak.

Gainerakoan, eta nahiz eta iragarpenak erne jarri zituen gizarte erakundeak eta sindikatuak, eta nahiz eta bat-bateko mobilizazio batzuk piztu ziren neurri horiek aurkeztu eta berehala, zenbaitek uste dute oraindik goiz dela eta denbora pixka bat eman behar zaiola gobernu berriari. Dena dela, inkesta batzuen arabera, gobernu hasiberrien irudi ona inoiz ez bezala kaskartu zaio oraingo gobernu berriari, boterean hilabete eta gehixeago daraman honetan.

«[Milei]Egin beharrekoa egiten ari da, nik uste. Argentina kiebra jota dago; beraz, aldaketa sakona ekarriko duen norbait behar dugu».

ELDA Arkitektoa (62 urte)

Elda (62 urte) arkitektoa da, baina badira urte batzuk serigrafian eta tapizgintzan dabilela. Mileiri eman zion botoa, eta oraingoz ez zaio damutu. «Egin beharrekoa egiten ari da, nik uste. Argentina kiebra jota dago; beraz, aldaketa sakona ekarriko duen norbait behar dugu». Eldaren ustez, neurriak inoren gustukoak ez diren arren, «bide onean» doazela uste du, «ikusirik nola erantzun duten sindikatuek eta gizarte mugimenduek». «Uzten badiote eta proposatzen duen guztiaren %40 aplikatzea lortzen badu, arrakasta izango du. Ez dago beste biderik: K populismoa probatu genuen [kirchnerismoa], eta begira nola gauden».

CGTren greba deialdia

Oraingoz, CGTk iragarri du greba orokorra eta mobilizazioak izango direla urtarrilaren 24an. Duela egun batzuk, Argentinako sindikatu nagusia buru ibili zen gobernuaren kontrako lehenbiziko manifestazioan, helburu hau lortu nahian: Justiziari inkonstituzionaltasun helegite bat aurkeztea eta babes eskea egitea, neurriak baliorik gabekotzat jo ditzaten. Eskaerarekin batera iritsi da Mileiren neurrien kontrako lehen epaia: asteazkenean jakinarazitako erabaki batez, Lanaren Ganbera Nazionaleko sala batek geldiarazi egin du, oraingoz, Premiaren eta Larrialdiaren Legearen lan arloko atala.

Bullrich protokoloa dago gobernuaren neurri eztabaidatuenen artean: horren bitartez, gizarte protesta kriminalizatu nahi dute, eta delitu bihurtu. Askok uste dute shockaren doktrinaren aplikazio petoa dela oraingo estrategia: ziurgabetasuna zabaldu, inork ez erreakzionatzeko. Beste batzuek diote Mileik Kongresua zorabiatu nahian diharduela, ez baitu nahi hura operatiboa izatea prozedura legegilean, baizik eta indarrik gabea. Beste asko, berriz, lan antolatuan hasi dira kalera ateratzeko eta aurre egiteko eskuinaren oldarraldi itzel eta inoiz ez bezalako horri.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.