Ekonomia

Milioi bat erreserba bertan behera geratu dira Erresuma Batuan, Thomas Cooken kiebragatik

Bueltako hegaldirik gabe geratutako 16.800 turista britainiar aberriratu asmo dituzte gaur. Erresuma Batuko Gobernuak jakinarazi duenez, bi aste inguru beharko dituzte gainerako 120.000 bidaiariak itzultzeko.

Thomas Cookekin hegaldiak zituzten britainiar turistak, Tunisko aireportuan. MOHAMED MESSARA, EFE
Hodei Iruretagoiena
2019ko irailaren 24a
15:56
Entzun

Kalte eta galera handiak eragin ditu Thomas Cook turismo agentziaren kiebrak, eta datu zehatzagoak ezagutarazten ari dira orduek aurrera egin ahala. Denera, 600.000 bidaiari turista inguru lurrean geratu ziren —Erresuma Batukoak, Alemaniakoak eta Europako Iparraldeko herrialdeetakoak dira gehienak—, eta haiek aberriratzeko lanetan ari dira gobernuak. Erresuma Batuko Gobernuak jakinarazi duenez, atzo 14.700 bat bidaiari itzuli zituzten 64 hegalditan, eta beste 16.800 turista aberriratu asmo zituzten gaur.

Beste 120.000 britainiar inguru geratuko lirateke oporretara joan eta bueltako hegaldirik ez dutenak, eta urriaren 6ra bitartean eraman asmo dituzte Erresuma Batura, ziurtatu dutenez, turistek beraiek aurreikusita zuten egunetan. Gobernuak 45 hegazkin kontratatu ditu operazio horretarako; denera, 113 milioi euro kostako zaizkiola kalkulatu dute.

Horiek baino gehiago dira, ordea, Thomas Cook agentzia ordainketa etenduran sartu izanaren ondorioak jasango dituztenak. Milioi bat britainiar inguruk erreserbatuta zituzten hegaldiak edo bidaia turistikoak, eta bertan behera geratu dira guztiak; esaterako, apirilera bitartean Egipton eginak zituzten 25.000 erreserba. Konpainiak ziurtatu du hilaren 30etik aurrera jarriko duela martxan ordainketak itzultzeko modua, eta bezeroek 60 egunen barruan jasoko dutela dagokien dirua. Gainera, 22.000 langile ere baditu agentziak; horietatik 9.000 Erresuma Batuan.

Condor filiala, martxan

Kiebraren berri izan bezain laster —140.000, Alemaniako Gobernuak esan zuen konpainien aseguruen ardura izango zela soluzioak ematea. Beste bide bat ere badute turista alemanek: Condor konpainiarekin itzultzea —Thomas Cooken filiala da Alemanian—. Izan ere, likidezia faltari aurre egiteko mailegu bat eskatu duela jakinarazi du Condorrek, eta oraingoz normaltasunez ari dira lanean haren hegazkinak. Thomas Cooken Europa Iparraldeko filialak ere ziurtatu du martxan jarraituko dutela.

Thomas Cook turismo agentziak 178 urteko ibilbidea zuen, eta 16 herrialdetan aritzen zen. Besteak beste, 105 hegazkin zituen, eta 200 bat hotel. Negozioa bidaiatzeko ohitura berrietara egokitu ezinda, turismo konpainia igande goizaldean sartu zen ordainketa etenduran, ez duelako nahikoa likidezia lortu —200 milioi libera esterlina, 226 milioi euro— taldearen berregituraketa bat egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.