Thomas Cooken kiebrak lurrean utzi ditu 600.000 bidaiari turista

Konpainiak ordaintzeari utzi dio, eta hainbat herrialdetako gobernuen ardura da bidaiariak aberriratzea, operazio konplexu batzuen bidez

Turistak Zipreko aireportuan, atzo, hegaldiei begira. KATIA CHRISTODOULOU / EFE.
Irune Lasa.
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Ez da estreinakoa turismo agentzia edo aire konpainia batek hondoa jo eta milaka bezero munduaren beste puntan uztea, itzulerako hegaldirik gabe. Baina Thomas Cook agentziarenak neurri guztiak gainditu ditu: 600.000 bidaiari jatorrizko herrialdera itzultzeko hegaldirik gabe gelditu direnak haren porrotaren ostean.

Guztientzat aberrira itzultzeko moduak bilatzen ari dira orain gobernuak. Alemaniakoak esan du konpainien aseguruen ardura dela soluzioak ematea; 140.000 alemaniar etxeratu zain daude. Erresuma Batuko gobernua beste modu batera ari da, eta operazio handi bat jarri du martxan, 150.000 bidaiariri lagundu beharko baitie, esaterako Malaysiatik itzultzen. «Erlojuaren kontra ari gara», esan zuen atzo Grant Sahpps Garraio ministroak. «Erronka itzela da, Erresuma Batuaren historian bake garaian egindako aberriratze handiena». Zailtasun hori adierazteko Matterhornoperazioa izendatu dute plana, igotzeko bereziki zaila den mendiari erreferentzia eginez.

Oraingoz, Erresuma Batuko gobernuak 45 charter hegazkin jarriko ditu beretzat lanean. Atzo, astelehenez, 16.000 bidaiari ziren herrialdera itzultzekoak oporretatik. Gero, Thomas Cookekin bidaiak kontratatua baina oraindik haiek erabili gabe dituzten bezeroekin zer gertatuko den, berriz, kasuan-kasuan argitu beharko da. Konpainiaren langileak dira beste arazo handia. Norbere lanpostua arrisku larrian ikustea ez da batere samurra, eta egoera horretan daude agentziak munduan dituen 22.000 langileak.

Duela 178 urte abiatu zen Thomas Cook turismo agentzia, eta hura izan zen dena barne duten opor paketeen sortzailea. Baina, negozioa bidaiatzeko ohitura berrietara egokitu ezinda, turismo konpainia atzo goizeko ordu txikietan sartu zen ordainketa etenduran, ez duelako lortu hartzekodunek eskatutako baldintza: nahikoa likidezia —200 milioi libera esterlina, 226 milioi euro— taldearen berregituraketa bat egiteko. Hartzekodunen konkurtsora joateko administraziopean sartuko da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.