M-30eko greba orokorra

Mobilizazioei eusteko borondatea adierazi dute lanuzte orokorraren antolatzaileek

Euskal Herriko Gutun Soziala prestatzeko prozesuan beste batzar batera deitu dute ekainaren 14rako.

Ivan Santamaria.
2013ko ekainaren 7a
16:15
Entzun

Maiatzaren 30eko lanuzte orokorrak "erantzun oso zabala" izan zuela nabarmendu dute antolatzaileek, gaur goizean, Gasteizen egin duten agerraldi publikoan. Gainera, aurrera begira ere mobilizazioekin jarraitzeko borondatea adierazi dute, erreforma eta murrizketa are gogorragoak martxan jartzeko arriskua dela eta. Horien artean, pentsioen sistema aldatzeko aditu talde bat prestatzen ari den proposamena aipatu dute. Haien ustez, pentsio ordainetan sekulako murrizketak eragingo lituzkeen erreforma ari da bidea egiten.

Agerraldian, besteak beste, ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiek parte hartu dute, Adolfo Muñozek eta Ainhoa Etxaidek. ELAko buruzagiak greban parte-hartu zuten guztiei eskerrak eman dizkie. "Zoriontzekoa da erresistitzeko prest dagoen jendea egotea, sekula ez bezalako olatu neoliberal bat aurrean dugunean". Antolatzaileek jaso zituzten kritikak izan ditu gogoan. Esaterako, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak egin zizkienak. "Mendira igo garela esaten digute, baina oihanean gaude, zuek eraman gaituzuelako horra", leporatu die gobernu eta alderdiei. Egoera honetan, politikak aldarazi nahi izanez gero, presioa egin behar zaie agintean daudenei, Muñozen aburuz, eta argi utzi du mobilizazioa dela hori lortzeko "bide bakarra".

Ainhoa Etxaide LABeko idazkariaren irudiko, "ariketa demokratikoa" izan zen greba orokorra, milaka lagunek kalean erantzutea ahalbideratu zutelako. "Oso harro gaude egiten ari garenaz", azpimarratu du. Etxaidek uste du deialdia egiteko zeuden arrazoiak eta antolatzaileen jarduna indartu zituela lanuzteak, eta hiru argudio eman ditu: jarraipen zabala eduki zuela, mobilizazio oso jendetsuak izan zirela hiri eta herrietan, eta antolatu zuten erakundeen arteko lankidetza ere indartu dela.

Murrizketen eta erreformen "agenda neoliberal bortitzari" erantzuteaz gain, lanuzteak ere Euskal Herriko Gutun Soziala sortzeko prozesua abiatu zuen. Joan den maiatzaren 25ean lehen saioa egin zuten hori prestatzeko, eta jarraipena izango du heldu den ekainaren 14an, beste biltzar batekin. Ahalik eta parte hartzerik handiena izatea da sustatzaileen helburua, Gutun Sozial horren bidez etorkizuneko eredu sozial propioa definitu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.