Mobilizazioetara deitu dute Arcelorren

«Soldata jaitsieraren eta lanegunen igoeraren aurka egiteko» deitu dute Arcelorreko sindikatuek protestara

xabier martin
Donostia
2012ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Hilaren 20rako mobilizazioetara deitu dute Arcelor Mittaleko Euskal Herriko planta guztietan. Zuzendaritzaren asmoak ikusirik, aho batez antolatu dute protesta eguna lan ituna negoziatzen aritu den batzordeko sindikatu guztiek. «Soldata %10 jaitsi, eta lanegunak % 6 igo (12 egun) nahi dituzte», dio LAB sindikatuak ohar batean. Sindikatuen batzordeak proposamen horri ezezkoa eman ondoren, enpresak lan ituna bertan behera uzteko prozesuari ekin dio Espainiako lan erreformaren legediaren babesean.

Arcelor Mittalek hainbat planta ditu Euskal Herrian; ACB eta Etxebarrikoa Bizkaian; Olabarria, Zumarraga eta Bergarakoa Gipuzkoan; eta Lesakakoa Nafarroan. 2.900 langile inguru ditu Euskal Herrian metalaren multinazionalak, eta aspaldian berrantolatze prozesuan sartuta dago, Espainian hainbat planta itxita, adibidez, ehunka langileri aldez aurretik erretiroa emanda.

Eskubide guztiak galdu

«Ez dugu nahi gure eskubideak lapurtzen dituen lan erreformarik; ez dugu nahi mehatxuak eta inposizioak oinarritzat dituen lan harreman eredurik; eta ez dugu nahi enpresak azken 30 urteetan lortutako eskubideak lapurtzea ere», diote LABeko ordezkariek. «Enpresak krisi egoera argudiatzen du orain, eskaera handitzen denean lan gehiago egin dezagun diru gutxiagoren truke».

2012ko lehen seihilekoan 802 milioi euroren irabaziak izan ditu Arcelorrek; halaxe jakinarazi du zuzendaritzak. «Ezin dute esan dirua galtzen ari direnik; beharbada, ez dira nahi beste irabazten ari». Langileek enpresaren gutxieneko konpromisoa nahi du etorkizunari begira: «Soldata txikiagoarekin kalera gaitzakete, kotizazio, kalte-ordain eta langabezia sari gutxiagorekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.