Fagor Etxetresnen porrotak urtebete. Mondragon taldea

Mondragon, bidegurutzean

Abian da korporazioko presidentea izendatzeko atzerako kontua, azarorako deituko baitute kongresura.Euskal industria talde handienaren eredua eztabaidagai da, batasuna ahulduko lukeen jokalekua ezin baita baztertu

Mondragon, bidegurutzean.
xabier martin
2014ko urriaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mondragon Korporazioaren etorkizuna jokatzen ari da egunotan. Taldearen kongresua azarorako antolatuko dute, eta, kooperatiben 650 ordezkari horiek elkartzerako, erabakita behar du nork beteko duen Txema Gisasolak urte hasieran utzitako eserlekua. Hilaren 17an bilkura izango du Batzorde Iraunkorrak, eta organo horretako presidente Agustin Markaidek agintaldia amaituko du. Horrekin batera, kongresurako deialdia egingo da, hilabete inguru geroagorako. Arrasaten bertan izan ohi da kongresua, baina azpiegitura egokien agenda arazoak tarteko, litekeena da aurten beste nonbait izatea; korporazioaren lemazaina nor izango den erabakitzeko atzerako kontua martxan jarri da, beraz.

Etzi urtebete beteko da Fagor Etxetresnek konkurtso aurrekora jo zutela; halaber, bederatzi hilabete beteko dira krisiak Gisasolaren dimisioa eragin zuela, eta oraindik ez dago haren ordezkorik. BERRIAren iturrien arabera, Arrasateko taldearen presidente berriaren izena «adierazgarria izango da» korporazioa osatzen duten enpresa-kooperatiben barruan dauden batasun eta konpromiso asmoei begira, enpresa taldearen ereduaren «osasunari begira», finean. Mondragon bidegurutzean dago: eredua berritu eta taldearekin irmo jarraitu ala batasuna ahulduko lukeen urratsa egin erabaki behar dute eragile nagusiek. «Aukera guztiak daude zabalik gaur egun», baita Mondragonen geroan zalantzak eragin ditzakeen jokalekua eragitea ere.

Askok espero dute Kontseilu Nagusiko presidente berria Txomin Garcia, Agustin Markaide eta Javier Mutuberriak osatutako hirukotetik ateratzea; Laboral Kutxa, Eroski eta Oronako presidenteak dira, hurrenez hurren. Gisasolaren agurraz geroztik, Javier Sotilekin batera —industria ataleko presidenteordea— kudeaketa kontseilua osatu duten lehen lerroko hiru agintari horietako bat ez balitz —Sotil bera aukeratuta edota etxetik kanpoko norbait ekarrita—, ezustea letorke, eta ez litzateke erraza azaltzea orain arteko eredu kooperatiboarekin sendo jarraitzeko apustua egin dela. Zalantzarako tartea zabalduko litzateke, bederen.

Izan ere, Fagor Etxetresnek eragindako egoera larrian taldeko agintari sendoenetako batek lema ez hartzeak esan nahiko luke korporazioa «denboraren bila» dabilela; zalantza horiek taldea bera nora eramango luketen inor gutxik jakin dezake oraintxe, baina, seguruenera, kooperatibek modu askean aukeratutako orain arteko batasun eredua ahulduko litzateke, eta horrek ez lioke lagunduko Mondragonen geroari, talde barruko ildo baten arabera. Edonola ere, «aldaketa sakonak» datoz Arrasateko enpresa korporaziora.

Kongresua asko atzeratu da

Gisasolak urtarrilean eman zuen dimisioa, eta, ordutik, Kontseilu Nagusian ez dira ados jarri haren ordezkoa izendatzeko. Kongresua ekainean egitekoa zen, eta azarora arte atzeratu behar izanak egoeraren zailtasunaren neurria ematen du. «Hausnarketa epe bat» zabaldu zuen korporazioak ilbeltzean, dimisio hark eragindako egoera nola bideratu erabakitzeko. «Etorkizuneko ereduaren oinarrizko ezaugarriak» zehaztu behar zirela ere erantsi zen, prozesu horren koordinazioa kudeaketa batzordearen eskutan utzita. Baina aipatutako hiru agintari sendoenek gaur arte ez dute aurrerapausorik eman «etorkizuneko Mondragon» eraikitzeko. Egoera horretan Javier Sotilek berak ere aukerak badituela pentsa daiteke.

Kontua da izenen eztabaida eta ereduaren eztabaida estuki lotuak daudela. Mondragon sendotu edo Mondragon ahuldu —kooperatibek taldearekin duten konpromisoa ahuldu—; hori da funtsean eztabaida, historikoki taldearen nortasuna markatu duen eredua bera. Agustin Markaide izan da Batzorde Iraunkorreko presidentea orain arte, eta hari egokitu zaio Kontseilu Nagusiko presidentea nor izango den adosteko koordinazio lanak egitea, hautagaiekin hitz egitea eta erabakiak adostea; gaur arte ez dago, ordea, ke zuririk.

Eroskin urte gogorra izan dute zorraren berregituraketa akordioa egiten eta taldeko kooperatiba handienaren martxa zuzentzen. Markaidek oraindik erronka handia du Eroskiren hobetzea egonkortzen, eta ez du ematen ardura gehiago hartzeko moduan denik. Bukatzen ari da Mondragoneko Batzorde Iraunkorreko haren agintaldia; organo horretako hogei kide inguru mahaiburuan nor eseriko den erabakitzen hasiko dira aurki. Izendapena ez da berehala espero, dena den.

Iraunkorreko ostiraleko bilerarekin batera, azkartu egingo da korporazioko lemazain berria izendatzeko prozesua, kongresurako deialdia egingo baita. Txomin Garcia Laboral Kutxako presidenteari begira daude asko gaur-gaurkoz Mondragonen. Javier Mutuberria Oronako buruak ere aukera luke, baina hura ere buru-belarri dabil Oronaren hedatze prozesuan. Egoitza ikusgarri bat martxan jarri berri du igogailuen konpainiak, eta nazioartekotze eta hedatze prozesu bizia zuzentzen ari da Mutuberria. Adinarengatik, eta batez ere norberak atzean duen ibilbidearengatik, Txomin Garciak, Javier Mutuberriak eta Agustin Markaidek ordezkatuko lukete Gisasolaren «errelebo naturala»; zaila da jakitea izendapen prozesuan ezuste bat egoteak zer-nolako mezua helaraziko lukeen, hala kanpora nola taldearen barrura.

Taldea, Europaren antzera

Izan ere, Fagor Etxetresnen porrota torpedo izugarria izan da Mondragonen flotazio gaitasunean. Iragarritako porrot horrek areagotu egin ditu enpresen arteko «desadostasun eta ezinegon batzuk», korporazioaren erraiak ondo ezagutzen dituen iturri batek dioenez. Kooperatibek funts handiak elikatu dituzte urteotan martxa okerra zutenek norabidea zuzentzeko, eta batzuek «lotura eta betebehar gutxiago» nahi lituzkete taldearekin. Zuhurtzia da, ordea, korporazioko enpresa guztien leitmotiva, argi baitago Mondragonek ordezkatzen duen elkartasun eta batasun ereduak «segurtasun handia» eta nortasun propioa ematen duela, tarteka emaitza kontuetan zamak ere ekar ditzakeen arren.

Izena eman nahi ez duen taldeko goi agintari ohi batek Europako Batasunean estatuen artean gertatzen denarekin alderatzen du Mondragonen egoera. «Batzuk eroso daude, motor handiak, eta beste batzuk ez; baina denek dute elkarren beharra, baita Alemaniak Frantzia, Italia eta Espainiarena ere. Bada, korporazioan berdin gertatzen da: batzuek besteek baino martxa hobea dute; baina nola joango zara gaur egun merkatu handietara bakarrik? Batasuna da gakoa, neurria eta batez ere independentzia ekonomikoa; hori oinarrizkoa da».

Egun Mondragonetik kanpo dagoen goi agintari izandako horrek «konfiantza eta errespetua» eskatu du prozesua egiten ari direnentzat. «Bidegabekeria handiak jasan behar izan ditugu azken urtean, eta beharbada ez gara behar bezain sendoak izan gure defentsan». Epe motzera pentsatzeko «tentazioa» alde batera utzita, korporazioak etorkizun «oparoa» duela uste du.

Gaur egun 280 enpresa inguru batzen ditu Mondragonek; horietatik ehundik gora kooperatiba eta 74.000 pertsona inguru enplegatzen ditu. 12.900 milioi euroko fakturazioa izan zuen 2012an, baina iaz annus horribilis izan zen taldearentzat. Fagor Etxetresnen porrotarekin batera emaitza kaskarrak iritsi ziren, bai salmentetan (-%10), bai langile kopuruan (-%7,8), bai inbertsioan ere (-%19,7). Azken emaitza ez dute jakinarazi.

Nazioartekotzetik iritsi ziren albiste onak, ekoizpenaren %71,1 saldu zuelako kanpoan, 2012an baino bi puntu gehiago eta duela bost urte baino hamabi gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.