Mondragon Healthek atzo egin zuen lehen agerraldi publikoa, edadetuen osasun zerbitzuei buruzko jardunaldi baten bitartez, Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean (Gipuzkoa).
Hezkuntzako premiez gain, osasun arlokoei ere erantzutea izan zen Mondragon taldearen hazia izan ziren lehen kooperatiben beharretako bat. Horren erakusgarri dira Arrasateko ospitalea eta Lagun Aro. Denborarekin, ordea, osasunari lotutako sektoreak garrantzia galdu du Mondragon taldean. Garrantzia galdu baino gehiago, garai berriek eskatzen duten ikuspuntu integrala falta zaie, Javier Sotil Mondragoneko Berrikuntza, Sustapen eta Ezagutza lehendakariordearen iritziz.
Taldearentzat, baina, etorkizuneko lan ildo eta sektore estrategikoa da osasun zerbitzuena, energiarenarekin batera. Hala aitortu du, eta horregatik sortu du Mondragon Health. Etorkizuneko erronken aurrean bere burua kokatzeko eta prestatzeko mugimendua da Mondragon Healthen sorrera.
Atzoko aurkezpena xumea izan zen, baina ezarritako helburua handinahia da: sektorean erreferentzia izatea. Osasun zerbitzuena taldearen etorkizuneko «hazkunde palanka» bihurtu nahi dutela nabarmendu zuen atzo Javier Sotilek.
Mondragonek osasun zerbitzuak eskainiko dituzten kooperatibak sortu nahi ditu. Osasun zerbitzuei lotutako jarduera integratu egin nahi du dituen enpresetan. Jarduera horiek lagundu egingo ditu.
Etorkizuna duen sektorea
Zergatik osasuna? Duen garrantziagatik, izango duen hazkundeagatik eta etorkizunean eskainiko dituen aukerengatik. Sotilek zenbait datu eman zituen: osasun zerbitzuetan egindako gastua bikoiztu egin da bederatzi urtean, eta gastuaren %30-40 inguru da Espainiako autonomia erkidegoetan. Eta hazi egingo da.
Euskal Herriko populazioa zaharra da, eta gero eta gehiago zahartzen ari da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 65 urtetik gorako populazioa %7tik %14ra pasatu da 30 urte baino gutxiagoan. Frantziak 115 urte behar izan zituen, eta Suediak 85 portzentaje horretara iristeko.
Mondragonek eskarmentu handia du beste sektore batzuetan. Berritzailea ere bada. «Beste arlo batzuetan ikasitako guztia osasun mundura eraman nahi dugu», esan zuen Javier Sotilek. «Zailtasun asko ditugu, baina aukera asko daude».
Osasun zerbitzuena eremu zabala da. Mondragon Health, oraingoz, edadetuen arretan zentratutako da. Zergatik? «Horretarako prestatuta gaudelako eta negozio aukerak badaudelako», Mikel Martinez Mondragon Healtheko zuzendari nagusiaren esanetan. «Korporazio gisa enplegua sortu behar dugu, hori da eginbeharra».
Mondragon Healthek teknologia berriak eta zerbitzuak eskainiko ditu. Ez dira sektore arrotzak taldearentzat. Teknologia berrien arloan Tekniker ikerketa zentroa izango du lankide. Telemedikuntzarekin lotutako teknologiak izango dira batik bat.
Edadetuentzako zerbitzuetan, berriz, GSR kooperatibarekin arituko da. GSRk egoitzak, etxerako laguntza, eguneko zentroak, etxebizitza komunitarioak eta babes etxeak kudeatzen ditu.
Aurten sortu da, baina jada zenbait produktu ditu esku artean. Gaixo kronikoen jarraipena egiten duten produktuak probatzen ari da Osakidetzarekin eta Igualatorio Medico Quirurgicorekin (IMQ).
«Gailuak badauzkagu», dio Mikel Alvarez Mondragon Healtheko zuzendari nagusiak. «Mediku batzuk probak egiten ari dira». Gaixoen tentsioa, gluzemia (odoleko glukosa kopurua), bihotzaren erritmoa eta pulsioximetria (odoleko oxigeno kopurua) neurtzen dituzte. Gero, gailuek etxean bildutako datuak medikuarengana bidaltzen dira sistema informatiko baten bitartez. Osakidetzan bi lekutan probatzen ari dira, eta laster hirugarren batean ere abiatuko dute proba pilotua.
Oraingoz edadetuentzako produktuak eta zerbitzuak eskaintzeak ez du esan nahi arlo horretan bakarrik arituko denik.
############
Edadetuentzako osasun zerbitzuei buruzko jardunaldian esanak
«Zuk kudeatu behar duzu zure gaixotasun kronikoa, gure laguntzaz»
Rafael BengoaEusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo sailburua
Gaixo kronikoa ospitalera iritsi da. Tratatu egin dute. Alta eman diote, eta etxera itzuli da, «bere gaixotasuna kudeatzeko planik gabe». Desagertu da osasun zerbitzuen radarretik. Eredu hori aldatu egin behar dela esan zuen Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo. Gaixo kronikoak ere bere tratamenduaren ardura izan behar duela nabarmendu zuen: «Zuk kudeatu behar duzu zure gaixotasuna, gure laguntzaz». Beharrezko prestakuntzarekin eta tresnekin, jakina. Horrek gaixoaren osasunean onurak dituela esan zuen: gutxiagotan joaten dela ospitalera, eta joaten denean denbora gutxiago pasatzen duela.
Eta merkeagoa dela osasun sistemarentzat: gaur egun EAEn gaixo kronikoetan gastatzen da osasun zerbitzuetan egindako gastuaren %72. Batez beste 16.000 euro urtean gaixo bakoitzeko. «Gaixotasun kronikoak ez badira modu berritzailean lantzen, sistema ez da iraunkorra», ohartarazi zuen. Antolaketaren aldaketak iragarri zituen.
«Diziplina anitzeko programa integralak behar dira»
J. M. Ladron de GuevaraDonostia ospitaleko zuzendari medikoa
Bengoaren esanetan, osasun sistemaren aldaketa antolatu behar da. Jose Manuel Ladron de Guevarak gehitu zuen ospitaleen antolaketa ere aldatu behar dela: «Hainbat diziplina aintzat hartzen dituzten programa integralak behar dira, hainbat gaixotasun dituzten gaixo kronikoen premiei erantzuteko».
Donostia ospitalean aldaketa hasi dute. Ezagutza arloetan banatutako eredutik gaixoetan oinarritutako eredura pasatu nahi dute. Amara eraikinean bilduko dituzte gaixo kronikoak -Ladron de Guevarak «hauskorrak» deitu zien- eta eriondoan daudenak. «Premia oso zehatzak dituzte, beste gaixo multzoekiko oso ezberdinak», nabarmendu zuen. Haren iritziz, gaixo kronikoen kudeaketan ikuspegi gizatiarragoa behar da, ez hain teknikoa.
Bengoak bezala, gaixoak gaixotasunaren kudeaketan parte hartu behar duela uste du, norberari egokitutako laguntza planen bitartez.
«Ikerketak teknologietan zentratzen ari dira, gaixoa aintzat hartu gabe»
Javier YanguasMatia Institutu GerontologikokoI+G zuzendaria
Hizlari eta entzule gehienek nabarmendu zuten aintzat hartu behar direla gaixoaren iritziak eta sentimenduak. Javier Yanguas Matia Institutu Gerontologikoko I+Gko zuzendariak, baina, errealitatea bestelakoa dela esan zuen atzo Arrasaten. Horretarako, Europako Batasunean zahartzaroari buruz egiten diren ikerketak aipatu zituen: «Ikerketa eta garapena teknologietan zentratzen ari dira batez ere, gaixoa eta bere gertukoak aintzat hartu gabe. Kanpoko faktoreetan oinarritzen ari dira, aspektu subjektiboak baztertuz». Berak aztertutako 58 ikerketatatik, lauk bakarrik hartzen dituzte aintzat gaixoa eta haren ingurua. Horrela, atentzioa hankamotza dela salatu zuen Yanguasek, gaixoaren, bezeroaren, iritzia baztertzen duelako.
Javier Yanguasek etxean zahartzearen alde egin zuen. Egungo asistentzia eredua aldatu behar dela uste du, «agortuta dagoelako, bai zerbitzuen sektorearentzat, bai industriarentzat».
«Garaia da irtenbide errealak eta eraginkorrak lantzeko»
Emilio HerreraEnterprising Solutions for Healtheko zuzendari nagusia
Osasun laguntza gizarte laguntzarekin uztartu behar da. Bien arteko bateragarritasunaren araberakoa izango da gaixo kroniko batek jasotzen duen atentzioaren egokitasuna. Hala uste du Emilio Herrerak. Baina gaur egun batak besteari bizkarra ematen diola dio. «Gaixotasun kronikoa duena gure sistemaren erdigunea dela diogu, baina sistemak ez daude horrela antolatuta. Garaia da irtenbide errealak eta eraginkorrak lantzeko».
Bi sistemak bateratu egin behar dira Herreraren iritziz. Ez batu, bateratu baizik. Hau da, helburuak eta baliabideak partekatuz. Eta atentzioa eraginkorragoa eginez, ez medikuntzaren ikuspuntutik bakarrik.
«Populazioaren zahartzea da gure ongizate gizartea mugaraino eramaten duten gaietako bat», esan zuen Herrerak. «Gaixotasun kronikoen hazkundeak eta zabalkundeak arriskuan jartzen dute sistemaren iraunkortasuna. Horri aurre egiteko antolaketak sortzea da erronka».
############
2020an bost lagunetik bat erretiratzeko adinean
Hego Euskal Herriko bost biztanletik batek erretiratzeko adina izango du 2020an, Eustatek eta Nafarroako Estatistika Institutuak egindako proiekzioen arabera. 65 urtetik gorakoak herritarren %20,40 izango dira orduan. Gaur egun, portzentaje hori biztanleen %15 ingurukoa da.############
Materialak, IKTak, energia eta kudeaketa etorkizunean
Mondragon taldea etorkizunerako negozioa eta jarduera berrien bila dabil. Osasun teknologiez gain, beste lau sektore lantzen ari da: material eta ekoizpen prozesu berriak; informazio eta komunikaziorako teknologiak; energiarako eta iraunkortasunerako teknologiak; eta kudeaketarako teknologiak.############
Mondragon, Euskal Herriko erraldoia
Enpresak eta erakundeak: 256. Kooperatibak 106 dira, mendeko sozietateak 129, mutua bat, bi fundazio, estaldura erakundeak zortzi eta nazioarteko zerbitzuak hamar.Aktiboa: 33.499 milioi euro.
Diru sarrerak: 16.770 milioi euro.
Inbertsioak: 1.324 milioi euro.
Salmentak (industria eta banaketa): 15.584 milioi euro.
Langileak: 92.773, iaz. Horietatik 42.000 inguru Hego Euskal Herrian. Langileen %83 bazkideak dira industrian.
Emakumeak: Langileen %43,5; zuzendaritzetan, aldiz, %17,5.
Langileen banaketa: Banaketan 48.051 (%51,8), industrian 40.822 (%44), finantzetan 2.879 (%3,1) eta korporazioaren jardueretan 1.021 (%1,1).
Zentro teknologikoak: 12. Guztira 750 langile dituzte.
Garrantzia: EAEko barne produktu gordinaren (BPG) %3,6 sortu zuen iaz. Industriako BPGaren %6,6.