Mondragon Korporazioak 2020. urteko emaitzak jakinarazi ditu urteko Kongresu Nagusiaren egunean: pandemiak "erabat baldintzatu ditu kooperatiben emaitzak", eta salmentak %6,4 jaitsi dira, 10.865 milioi euroraino. Salmenten apaltze horrek bere isla izan du enpleguan, eta %1,3 murriztu da lantaldea.
Baina Arrasateko taldeak helarazi du "kooperatiba gehien-gehienek" jakin izan dutela pandemiari aurre egiten, eta "nota onarekin" atera direla ataka larritik. Korporazioak uste du jasotako kolpea "jasangarria" izan dela, "kontuan hartuz testuingurua". Hala, aurtengo lehen bost hilabeteetan kooperatibek izan duten susperraldiari erreparatu dio Mondragonek; urteko lehen erdiak iradokitzen du 2021. urtean susperraldi sendo bat edukiko dutela Modragon osatzen duten enpresek.
Iñigo Uzin presidenteak esan du "eboluzio positioa" izaten ari direla enpresak, "pandemiak erabat baldintzatutako egoera gogor batean". Kooperatibek "euskal gizartearen beharrei erantzuteko izan duten gaitasuna" azpimarratu du Uzinek. Kooperatibak, halaber, gastua murrizteko gai izan direla erantsi du, eta "efizientzia hobetzeko, altxortegia zainduz".
Industria suspertzen ari da
Mondragon taldeko kooperatibek 82.000 pertsonari eman diete enplegua 2020. urtean, eta fakturazioa 5.271 milioi eurokoa izan da, %13,1 gutxiago. Emaitza 227 milioi eurokoa izan da, %20 gutxiago, "kooperatiben ahaleginari esker, beren errentagarritasuna defendatzeko". 138 adar ditu nazioartean taldeak, eta horiek 14.144 lanpostu eskanitzen dituzte. Industriaren atalean, izan ere, salmenten %70 nazioartean egin ditu taldeak.
Urteko lehen bost hilabeteetan, korporazioak ikusi du salmentak nabarmen igo direla industriaren esparruan, eta jakinarazi du alorreko enpresak oso gertu daudela COVID aurreko mailatik. Enpleguan ere islatzen ari da susperraldi hori.