MONDRAGON TALDEA

Mondragonek %2,8 handitu ditu salmentak

Arrasateko taldeak goranzko bideari eutsi dio industria arloko kooperatiben bultzadari esker: 1.258 enplegu irabazi ditu 2015ean. Javier Sotil presidenteak baikortasunez begiratzen dio etorkizun hurbilari, baina "hazkunde apala" espero du aurten.

Uztailaren 20an egingo du Mondragonek taldearen etorkizunaz eztabaidatzeko kongresua, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Oihan Vitoria.
2016ko ekainaren 6a
08:34
Entzun

Enpleguan, salmentetan eta emaitzetan hazi egin da Mondragon taldea 2015ean. Aurreikuspen gehien-gehienak gainditzea lortu du; tartean, enplegu maila. Guztira, 74.335 lagunek dihardute taldearen kooperatibetan, 2014an baino %0,4 gehiagok. 80.000 langile inguruko garaiak urrun daude oraindik, baina 74.000ko mailatik gora mantentzea lortu du taldeak. Beste behin, industria arloko enpresek ekarri dute hazkundea, haiei esker 1.258 enplegu berri sortu baitira: 780 barne merkatuan, eta 478 atzerrian.

Arrasateko taldeak 1.800 bazkideri eman die irtenbidea, erretiro aurreratu, erretiro eta beste kooperatiba batzuetan lanpostua emanez. Korporazioa osatzen duten enpresa eta kooperatibak %2,8 hazi dira salmentetan, 11.368 milioi euroraino, eta inbertsio zifra 345 milioi eurotik 316 milioira jaitsi dute, azken bost urteotan 1.578 milioi inbertitu badituzte ere. Hazkunde garaietako etekinetara iritsi gabe, baina zenbaki gorrietatik urrun.

Industria, "sasoian"

Industria arloko kooperatibek 32.925 behargini eman diete lana 2015ean —aurreko urtean baino 1.258 gehiagori—, eta 5.095 milioi euroko diru sarrerak lortu dituzte, 2014ko fakturazioa %7,4 handituta. Fagor Etxetresnen porrota gaindituta, emaitzak orekatu eta %32,3 hobetu dituzte Mondragon taldeko industria kooperatibek, 256,9 milioiko irabaziak pilatzeraino. Orotara, 208 milioi euro inbertitu zituzten iaz.

Nazioartekotzearen aldeko apustuaren ondorioz, atzerriko merkatuetako salmentek duela urtebeteko pisuari eutsi diote Mondragoneko industriaren adarrean, dagoeneko fakturazio osoaren %71 baitira. Besteak beste, AEBetan, Mexikon, Frantzian, Italian eta Erresuma Batuan eginiko erosketei zor die kopuru hori. 128 filial produktibo ditu taldeak atzerrian, 2014an baino hiru gehiago. Arrasateko korporazioak, halaber, "egiaztatutzat" jo du industriaren barne merkatua suspertzen ari dela. "Bigarren urtez jarraian, salmentak handitu egin dira aurreko ekitaldiarekiko (%6,4), eta 1.485 milioira iritsi dira".

Patente guztien laurdena

Ezagutzaren arloan, giharra erakusten jarraitzen du Mondragonek: 153 milioi euro inbertitu zituen iaz I+G arloan, %8,6 balio erantsiarekiko, eta %3,0 salmenta guztiekiko. Adarreko hamabost erakundeek 1.774 pertsona enplegatu zituzten; 2014an 1.700 ziren. Produktu eta zerbitzu berrien salmentak 597 milioi eurora iritsi ziren, salmenta zifra osoaren %11,7. Mondragonek, gainera, 451 patente familia dauzka gaur-gaurkoz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako patente guztien laurdena ia.

Banaketarena da oraindik ere Mondragon taldearen barruan enplegu gehien ematen duen arloa, Eroski eta Erkop elkarketaren eskutik: 37.800 langilek dihardute adar horretan. 2015ean, 6.273 milioi euroko salmentak egin zituen, aurreko urtean baino zertxobait gutxiago. Eroskiren argaltze dietak berebiziko eragina izan du jaitsiera horretan: 36 supermerkatu saldu dizkio Carrefourri, eta erroetara jo du, indarra saltoki txikiagoetan jarrita. Arrazoia? Bankuekin duen zorra kitatzea. 3.800 milioi euroko zorra 2.600ekoa da egun, eta, berriki egindako desinbertsioei esker, beste 500 milioi ordainduko ditu aurten. 2019rako, zorra 1.600 milioi eurotan geratuko dela aurreikusi dute.

Saneamendu aroa bukatuta

Iazko 242 milioi euroren hornidura bereziekin, Mondragonek amaitutzat jo du Eroskiren saneamendu aroa. Denda berrituei esker, salmentei eutsi ahal izan die, eta galerak %78 txikituta, irabazietara itzultzea espero du aurten: "Konpainia irabazien bidean kokatu da datozen urteei begira". Frankizien sareari eutsi dio, berriz, alternatiba bihurtu baitira dendari txikientzat. "Nabarmen" hedatu direla azpimarratu du Mondragonek. Finantzen arloan ere 110,3 milioi euroko etekinak lortu ditu Mondragonek.

Azken bi urteotako bilakaera positiboa nabarmendu du Javier Sotil presidenteak. "Enplegua handitzea lortu dugu, eta, bereziki, industria arloan hazi gara, 2.100 lanpostu gehiagorekin". 2016ari begira, ez du aurreikusi suziriak botatzeko moduko hazkunderik. Halere, ziur da goranzko joera mantenduko dutela, "dibertsifikazio maila altuagatik eta berrikuntzaren alde egiteagatik": "Hazkunde apala espero dugu urte honetarako, bai salmentetan eta bai enpleguan". Sotilek uztailaren 20an du azken kongresua Mondragoneko buru gisa —Etorkizuneko Mondragon izango dute eztabaidagai—. "Mugarri berria izango da esperientzia kooperatiboaren historian, eta aldi berri bat markatuko du taldearentzat". Danobat Group kooperatiban eta makina erremintan zaildutako Iñigo Uzin azkoitiarrak abuztuaren 1ean hartuko du haren lekukoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.